40 kirolari baino gehiago bildu dira Lesakako II. Mendi Lasterketako ibilbidea ezagutzeko irteeran

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 3a, 14:00
Mendi lasterketako bigarren edizioa ezagutzeko igande goizeko irteeran parte hartu zuten kirolariak, plazatik abiatu baino lehen.

Aurten izen-ematea internet bidez bakarrik egin daitekela ohartarazi du Beti Gazte Lasterka Taldeak

Martxoaren 8an eginen dute Beti Gazte elkarteak antolatutako Lesakako II. Mendi Lasterketa. Ibilbidea ezagutzeko Beti Gazte Lasterka Taldeak irteera antolatu zuen igande goizean ea 40 bat kirolari bildu ziren.

Antolatzaileek aipatu dutenez, lasterketarako izen-ematea internet bidez bakarrik egin daiteke aurten, martxoaren 3ra bitarte www.herrikrosa.eus webgunearen bidez (egunean berean ez dute izen-ematerik onartuko).

Martxoaren 8an, 10:00etan abiatuko da 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen lasterketa nagusia Lesakako Plaza Zaharretik eta, hamar minutu beranduago, 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako lasterketa, 7 kilometro luze eta 300 metroko desnibela duena. Ibilbide luzekoek Frain (455 metro) eta Unanue (650 metro) igo beharko dituzte plazan helmugaratu baino lehen eta gazteek, Frainera igo eta jautsiko dira zuzenean herrira. Ibilbide hori ezagutzeko hainbat korrikalari bildu ziren otsailaren 2an.

Izen-ematea martxoaren 3ra bitarte egin daiteke, bakar-bakarrik www.herrikrosa.eus webgunearen bidez (egunean berean ez dute izen-ematerik onartuko). Ibilbide luzerako 16 euro ordaindu beharko da (13 euro Beti Gazteko bazkideek. Ibilbide laburrerako 7 euro ordaindu beharko dute. Bi probak kontuan hartuta, gehienez 350 kirolarik parte har dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun