Erron eta Beran aritu dira Bortzirietako bertsolariak Bardoak txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 3a, 12:00
Lamixine eta Amortziaren Eliobak taldekoak igandea arratsaldean Berako Katakun, epaile lanak egin zituzten Arranopola taldeko kide batzurekin.

Larunbatean Arranopola nagusitu zen Erron eta igandean Lamixine Beran

Asteburu honetan hasi da 2020ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Eskualdeko taldeei dagokienez, Bai Lesaka eta Etxalarko Arranopola taldeak bai Berako Lamixene taldeak garaipenak eskuratu dituzte beraien lehen saioetan.

Larunbatean, Erron, Arranopola taldeak Pirini bardo taldea menderatu zuen. Eneko Fernandez, Josu Sanjurjo eta Erika Lagoma lesakarrek eta Etxahun Azkarraga etxalartarrek hartu zuten parte Arranopola taldean. Beraz, bortziritarrek lehen puntua lortu dute. Hurrengo saioa otsailaren 14ean izanen dute, Lesakako Arrano elkartean.

Igandean, berriz, Beran Lamixene eta Amortziaren Eliobak taldeen arteko saioa jokatu zen Kataku ostatuko terrazan. 60 bat entzuleren aintzinean kantatu zuten, otsaileko ezohiko arratsalde epel batean. Amortziaren Eliobak taldean, Maddi Ane Txoperena eta Josu Txoperena, Lesakarrek eta Aimar Karrika auriztarrak kantatu zuten. Berako Lamixene taldean, berriz, Patxi Castillo, Ekhine Zapiain, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaieta aritu ziren kantari. Gai-jartzaile eta aurkezle lanak Ainhoa Larretxea, Lamixene taldeko partaideak burutu zituen. Epaile gisa berriz, Arranopola taldeko bi kide eta publikoko 5 kide aritu ziren. Epaileek eta publikoak hala erabakita, Lamixene taldearentzat izan zen garaipena. Beratarrek larunbata honetan Iruñean jokatuko dute bigarren saioa, bertako Drimtim taldearen kontra.

 

Ortziralean Elgorriagan

Aitzinera begira, eta Bardoen barne, ortzirale honetan bertso saioa izanen da Elgorriagan. Bertan Bertsonautak taldeko Alazne Untxalo eta Iker eta Egoitz Gorosterrazu, Larraungo  taldearen aurka ariko dira. 19:00etan hasiko da saioa Elgorriagako ostatuan. Guztira, 13 talde eta 96 parte hartzaile ariko dira Bardoetan, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketan. Finala martxoaren 28an jokatuko da, Lizarran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun