Orain arteko bi jardunaldietako nagusitasuna ikusita, bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere, Lesakako Beti Gazteko taldeak ziren faborito nagusiak. Neskek 540 kilokoa ligaxka moduan jokatu dutenez, bi puntuko aldea zuten Badaiotzekin eta hortaz, aski zuten bigarren izatearekin Idiazabalen. Eta horixe izan zen, hain zuzen, gertatu zena. Bigarren izan zen Beti Gazte, Badaiotzen ondotik, baina sailkapen orokorrean lehenbizikoak eta txapeldunak. Sailkapen orokorrean bigarren izan da Badaiotz, hirugarren Gaztedi, laugarren Txantrea eta bosgarren Ibarra. Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Oihana Mindegia eta Ainhoa Ubiria aritu ziren zortzikotean, Iñigo Alzugarai erakusle zutela eta Arritxu Muxika laguntzaile.
Gizonezkoak 640 kilokoan ere nagusi izan ziren lehen bi jardunaldietan. Kasu honetan, bi jardunaldietako sei onenak bildu ziren Idiazabalgo finalean eta hutsetik hasi beharra zuten, aitzinekoetan lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe. Halere, oraingoan ere tiraldi guztiak nagusitasunez irabazi zituen Beti Gaztek eta txapela janztea lortu zuen, Ibarra, Murueta, Zuraide A, Zuraide B eta Txantrearen aitzinetik. Agortxeberriko Karmelo eta Joxe Angel Mitxelena anaiek, Mikel Apeztegiak, Oskar Telletxeak, Beñat Ordokik, Unai Gurrutxagak, Eneko Saldiasek eta Gerardo Telletxeak osatu zuten zortzikoa, Paskual Taberna erakusle zutela eta Beñardo Iantzi laguntzaile.
Otsailean, Euskal Herriko azken txapelak eta Mundukoa
Otsailaren 1ean, Araban, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute; otsailaren 8an Ibarran (Gipuzkoa), gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko bigarrena jokatuko dute. Otsailaren 15ean, Berriozarren (Nafarroa), gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko dute egun bakarrean eta emakumeen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia izanen dute. Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa bukatzeko, otsailaren 16an Ezkabarten (Nafarroa) txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian.
Euskal Herrikoaren ondotik, otsailaren 20tik 23ra Irlandako Letterkenny hirian jokatuko da Munduko sokatira txapelketa eta Beti Gazteko tiralariak ere bertan izatekoak dira.