Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Ibardinera bueltatzekotan da zortzi urte eta gero

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 23a, 17:41
Joaquin Purito Rodriguez txirrindularia Ibardingo helmugan, 2012ko Euskal Herriko Itzulian.

Apirilaren 8ko etapak Berako kaxkoan izanen luke helmuga eta 9koa herrigunetik abiatuko litzateke

Garai batean urtero-urtero Ibardinen bukatzen zen Euskal Herriko Itzuliko etapa bat. Baina 2012an Joaquim Purito Rodriguezek irabazi zuenetik, Itzuliko etaparik ez zen inoiz bukatu Berako kaxkoan. Aurten, berriz ere Ibardinera helmuga ekartzeko asmoz lanean ari dira Berako Udala eta Itzuliko antolatzaileak. Horren arabera, Ibardinen izanen luke helmuga Araban abiatuko den apirilaren 8ko etapak eta apirilaren 9koa Berako herrigunetik abiatuko litzateke eta Agiña, Aritxulegi eta Erlaitzen barna pasatu ondotik, Errenterian izanen luke helmuga.

Aipatzekoa da Ibardinen Gorospe, Laguia edo Chiapppucci bezalako txirrindulari handiek irabazi dutela. 2012an, ohiko helmuga baino 300 metro goitiago paratu zuten helmuga eta %28 bitarteko maldak igo behar izan zituzten txirrindulariek. Joaquim Purito Rodriguez kataluniarra izan zen azken irabazlea. Aurtengo Itzulian ere txirrindulari handiek parte hartuko dute, bertzeak bertze iazko Frantziako Tourra irabazi zuen Egan Bernal (Ineos), iazko Itzulia irabazi zuen Ion Izagirre (Astana) eta Mikel Landa (Bahrain).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun