Euskal Herriko bertze bi txapel janzteko aukera izanen dute Beti Gazteko nesken eta mutilen sokatira taldeek

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 24a, 12:00

Beti Gazteko tiralariak joan den igandean Busturian, 640 kiloko bigarren jardunaldian. Aitzinean, Karmelo eta Ander Mitxelena aita-semeak. Argazkia: Txebi Arriaga

540 eta 640 kiloko hirugarren eta hondar jardunaldiak jokatuko dituzte larunbatean Idiazabalen

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko hirugarren eta hondarreko jardunaldiak jokatuko dituzte ilbeltzaren 25ean, larunbatean Idiazabalen (Gipuzkoa).

Orain arteko bi jardunaldietako nagusitasuna ikusita, bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere, Lesakako Beti Gazteko taldeak dira faborito nagusiak. Gainera, emakumeen kasuan, aitzineko bi jardunaldietan lortutako puntuak kontuan hartzen direnez, bigarren izatearekin ere aski izanen dute 540 kiloko txapela janzteko. Mutilak ere nagusi izan dira lehen bi jardunaldietan, tiraldi guztiak irabaziz, baina larunbateko finalean hutsetik hasiko dira.

 

Otsailean, Euskal Herriko azken txapelak eta Mundukoa

Otsailaren 1ean, Araban, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute; otsailaren 8an Ibarran (Gipuzkoa), gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko bigarrena jokatuko dute. Otsailaren 15ean, Berriozarren (Nafarroa), gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko dute egun bakarrean eta emakumeen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia izanen dute. Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa bukatzeko, otsailaren 16an Ezkabarten (Nafarroa) txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian.

Euskal Herrikoaren ondotik, otsailaren 20tik 23ra Irlandako Letterkenny hirian jokatuko da Munduko sokatira txapelketa eta Beti Gazteko tiralariak ere bertan izatekoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun