Kenpo kaiko gerriko beltza jaso dute hamaika gaztek Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 22a, 07:30
Gerriko beltza jaso zuten gazteak, irakasle eta Berako alkatearekin batera, Berako Toki Ona kiroldegian.

Sekula baino eskualdeko gazte gehiagok kenpo kai modalitateko gerriko beltza lortu dutela eta, banaketa-ekitaldia egoin zuten larunbatean Berako Toki Ona kiroldegian. Juan Mari Vidal (gerriko beltza 8. Dan) eta Pili Martinez ( gerriko beltza 5. Dan) arduratu ziren Japoniatik espresuki ekarritako gerriko beltzak banatzeaz, Aitor Elexpuru Berako alkatearekin eta Koro Iriarte, Ana Mitxelena, Modesto Ordoki eta Izei Gillenea irakasleekin batera.

14-16 urteko eskualdeko hamaika gazte dira Berako kiroldegian egin zen ekitaldian gerriko beltza jaso zutenak: Etxalarko Mikel Iturria, Zigako Daniel Sanz eta Berako Beñat Iturria, Urtzi Etxegarai, Joane Etxegarai, Ainhoa Arburua, Alaitz Iriarte, Izar Iriarte, Iruri Elgorriaga, Aimar Etxeberria eta Andoni Goia. Beran kenpo kai egiten hasi zirenetik, duela ia 20 urte, ez zen inoiz hain talde handirik eta gazterik izan aldi berean gerriko beltza lortzen.

Eskualdean haur andana mugiarazten duen arte diziplina da kenpo kai. Beran, erraterako, 40 neska-mutikok hartzen dituzte astero kenpo kai eskolak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun