«Hemendik aitzinera bizikletaz gozatzea da helburu nagusia»

N. BAZTERRIKA 2020ko urt. 22a, 15:00
Urte hasierarekin batera, Euskal Herriko txapelketarako «gogor» entrenatzen hasia da Mitxelena. Argazkia: Nerea Bazterrika

Luziano Mitxelena Iratzoki • Lesakako txirrindularia

Hogei urteko ibilbidean, beteranoen mailan, dozena bat aldiz irabazi du Quebrantahuesos proba, bortz aldiz Euskal Herrikoa eta hirutan Espainiakoa. Apirilean Mallorcan izanen dena begiz joa du

47 urte zituela eman zituen lehendabiziko pedalkadak Luziano Mitxelenak (Lesaka, 1952). Hasi bazen hasi, ez du bizikleta bazterrean utzi: «kamioilari aritzen nintzen eta bizikleta nirekin eramaten nuen, tarte bat nuenean ibil nedin». Bizikletari lotua bizi izan da azken hogei urteetan eta agerikoa da hori bere emaitzetan. Hamabortz aldiz parte hartu du Quebrantahuesos proba ezagunean eta hamabi aldiz irabazi du. Euskal Herriko zein Espainiako txapelketetan punta-puntan ibili da beti, «lehendabiziko, bigarren eta hirugarren» postuetan. Eroriz gero altxatuz eta lesioen aurka gogor borrokatuz egin du aitzinera, eta sasoi onean gainera: «momentuz minik ez dudanez, irabazi edo galdu, gozatzen segitu nahi dut».

 

Noiz hasi zinen biziketan?

Berandu samar, 47 urte inguru nituela. Ameriketan nintzela eta bertatik bueltatzean pilotan aritu nintzen, Bidasoko eta Nafarroako txapelketetan parte hartu nuen. Bidasoan txapeldun izan nintzen urte batez eta Nafarroakoan finala jokatzera ailegatu ginen Oiartzabal beratarra eta biok baina ez genuen irabazterik izan. Igantzin, besta batzuetan jokatzen ari nintzela, disko-hernia izan nuen... Ondotik, palan aritu nintzen baina, ezinean nenbilenez, utzi behar izan nuen. Logroñora ozonoterapia egitera joan nintzenean eta espezialista hark bizikletan ibiltzea aholkatu zidanean hasi nintzen.

Afiziorik bazenuen lehendik edo hasi ahala piztu zitzaizun grina?

Gustuko nuen ikustea. Orduan Indurainen denbora zen eta ikusten genuen... Hala ere, niri hark erran arte ez zitzaidan burutik pasatu ere egin hastea. 

Nola oroitzen dituzu lehendabiziko urte horiek?

Pixka bat hasi nintzenean, Donamariako Joxe Mari Mikeltorena eta biok apustu bat egin genuen. Bera orduko ibiltzen zen. Beratik abiatu ginen eta Zigan barna Elizondora joan ginen. Gero, Otsondon beheiti Sarara, hortik Lizarietara, Lizarietatik Etxalarrera eta Etxalartik Berara buelta egin genuen. Lizarietan behetik goiti gindoazela hankak kalanbreak eman zizkion eta irabaztea lortu nuen. Ondotik bazkari bat egin genuen. Horrelaxe hasi nintzen...

 

Luziano, erdian, taldeko bertze bi kiderekin Guardian (Araba)

 

Gaur egun aski ezaguna duzun Quebrantahuesos proba izanen zen lehendabizikoetarikoa, ezta?

Bai, halaxe da. 15 urtez behin baino ez dut huts egin. Femurraren burua hautsi nuenean, errekuperatzeko zazpi hilabete behar izan nituen eta... Lehendabiziko urtean gizen samar nengoen eta gaizki pasatu nuen. Zazpi ordu pasatxotan egin nuen. Hurrengo urterako ongi prestatu nintzen. 60 urte nituelarik 05.50.33 behar izan nituen, ordura arteko marka hobetu nuen. Beteranoen mailan hamabi urtez segidan irabazi dut eta azken aldian ongi nabil.  

2012an Transportes Bidasoa beteranoen txirrindulari taldea sortu zenuten. Nolatan?

Kasualitatea izan zen. Iñaki Villoria izan zen bultzatzaile nagusia eta haren arrimuan zortzi laguneko talde bat sortu genuen. Pixkanaka batzuek utzi zuten eta bertzeak sartzen joan ziren. Hasieratik hor dagoen bakarra ni naiz. Momentu honetan bi leitzar, Iruñeko bat, elizondoar bat, Doneztebeko bat eta ni gaude. Txapelketetara elkarrekin joateko moldatzen gara. Gure artean hagitz harreman ona dugu.

«Neure buruari gogor egiteak irabazten lagundu dit»

Taldea sortu zenutelarik, lasterketetan hasi zinen... 

Bai, ordura arte ez nekien masterreko lasterketak bazirenik ere. Lehendabikoa 60 urte nituela egin nuen, taldekideak joan ginen. Solaresen (Kantabrian) izan zen eta hirugarren izan nintzen. Urduri nengoela oroitzen dut, hasiberria nintzen eta... orain maltzurkeria gehiago dugu (irri artean). Esperientziarekin tropelean ibiltzen, bertzeen gurpilari itsatsita joaten... ikasi dut.

Berehala Euskal Herrikoa irabazi zenuen zure mailan...

Galdakaon izan zen eta, hasiberria nintzelako segur aski, irabazteak ilusio berezia egin zidan...

2013an Espainiako iraupen txirrindularitzako txapelketa irabazi zenuen master 60 mailan...

Murtzian izan zen. Oroitzapen ona dut, portuan aitzina hartu eta gazteagoekin elkartzea lortu nuen. 2018an berriz ere Sorian irabazi nuen eta joan den urtean Asturiasen. Malda dagoenean irabaztea lortzen dut, zelaian, esprintetan, berriz, ez naiz gehiegi sartzen, gibelera egiten dut... Lasterketak ditugunean, normalean astebete lehenago joaten gara ibilbidea ikustera eta orduan gutxi goiti-beheiti nola ibiliko naizen jakiten dut. Hala ere, aurten 68 urte egin behar ditut eta gazteak pasatu ahala ezin jakin zer gertatuko den, igual gorriak ikusi beharko ditut.

Galdakaon (Bizkaia), Euskal Herriko txapelketan, 2018an.

 

2018an mundialean izan zinen...

Bai, Varesen (Italian). Orduko oroitzapen txarra dut. Jendea hagitz nerbioso zegoen, abiatu aitzinetik bulkaka aritu zen... portura ailegatu arte gaizki pasatu nuen, erorka ibili nintzen. Gero, ongi samar nenbilen baina gurpil bat xehatu zitzaidan. Gurpila eskatu nuen baina ez zidaten utzi eta erratz-autoa bi orduren buruan etorri zen... Ez nuen bukatzerik izan.

Joan den urtea ona izan zenuen...

Bai. Errioxako itzulia eta Espainiako txapelketa irabazi nituen, baita kronoeskaladako etapa bat ere. Euskal Herriko txapelketan, berriz, bigarren postuan gelditu nintzen, esprintean aitzina hartu zidaten eta...

Noiz hasten zara entrenamenduekin eta zenbatero egiten dituzu?

Urte hasieran ez dut lasterketarik egiten. Urritik urte hasierara geldialdi bat egiten dut eta urtarrilean hasten ditut Quebrantahuesoserako eta Espainiako txapelketarako entrenamenduak. Astean bi egunez ez dut bizikletarik hartzen. Nahiz astia izan badudan, gorputza nekatzen da eta ez da ona. Atseden hartzea entrenatzea bezain inportantea dela erranen nuke. Hortaz, entrenamenduak sentsazioen arabera egiten ditut. Anitzetan buelta koskorra egiteko asmotan atera eta nekatuta nagoelako buelta txikia egiten dut edo alderantziz. Lasterketetan sufritzen badakit eta horrek aldea ematen didala erranen nuke. Portuan goiti noala helburu bat bilatzen dut, neure buruari helmuga hori dela sinetsaraziz gogor egiteko, ez etsitzeko.

 

«Entrenatzea bezain inportantea da atseden hartzea»

Taldean ibiltzeko biltzen al zarete?

Lasterketetarako norberak entrenatzea da hoberena, bertzeen arrimuan batzuetan  gehiegi bortxatzen dugu eta... Dena den, astean behin, asteburuan, ingurukoak biltzen gara eta goiz osoko buelta egiten dugu. 20-30 lagun inguru elkartzen gara, geroz eta afizio handiagoa dago. Masterretan ere 200 parte-hartzaileko muga paratzen dute eta izena emateko erne ibili behar da. Gure adinean Euskal Herriko txapelketan 15 inguru izaten gara, Espainiakoan 100 lagunetik goiti. Inguruan zikloturistak egitera ere anitz animatzen dira. Gu hasi ginelarik ez ginen horrenbertze. 

Nola ikusten duzu zeure burua?

Orain ongi nago. Hemendik aitzinera minik ez bada kontent nago, irabazi edo galdu, gozatzea dut helburu. Golpe saila izan ditut  (bi aldiz klabikula, omoplatoa zazpi tokitatik, femurreko burua... hautsi ditut) baina minik ez dut.  Horrekin kontent nago. 

Zein da adinean goiti joanagatik sasoiko mantentzeko gakoa?

Elikadura inportantea dela erranen nuke eta hori dietista baten esku uzten dugu. Lasterketa bakoitzerako zer eta zenbat jan zehazten digu. 

Orain zer lasterketa prestatzen ari zara?

Doneztebe eta Elizondoko bertze lagun batzuekin batera, Mallorcan eginen duten  3,2,1 izeneko lasterketa batera joatekoak gara apirilean. Taldekideek beraiek apuntatu didate eta hori da buruan darabilguna. Euskal Herriko lasterketa ere apiril aldera izaten da eta horretarako ere entrenatzen hasi naiz. Joan den urtean  bigarren izan nintzen eta ea aurten irabaztea lortzen dudan!

 

MOTZEAN

Txirrindularitza ez den kirolen bat?

Esku pilota, partida guztiak ikusten ditut.

Kirola ez den bertze zaletasunen bat?

Lagunekin afari ederrak egitea (irri artean).

Miresten duzun txirrindulari bat?

Indurain, profesionala izateaz gain, beti laguntzeko prest dagoelako.

Aurkari gogorrena?

Esprintean ia edozein.

Egun bereziena?

Galdakaoko garaipena.

Zer eman dizu bizikletak?

Fisikoki ongi egoteko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun