Larunbat honetan inauguratuko dute Arantzako udal liburutegia

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 23a, 08:30
Orain arte erakusketak, tailerrak, aurkezpenak, film emanaldiak eta abar egiteko erabili izan da Arantzako Baskula.

Arantzako Udalak, herritarren laguntzarekin auzolanean, Baskula liburutegi izateko egokitu du

Liburuentzako apalak, irakurketarako txokoa, ordenagailua, lanerako txokoa... Hainbat egokitzapen egin ditu azken hilabeteotan Arantzako Udalak herritarren laguntzarekin, eta lan horren emaitza larunbat honetan, ilbeltzak 25, ikusteko aukera izanen da. Liburutegiko ateak besta giroan irekitzeko inaugurazio ekitaldi xumea antolatu dute eta horretarako 12:30ean egin dute hitzordua Baskulan bertan. 

Dabid Iturria alkateak eta Joseba Pikabea zinegotziak hartuko dute hitza, baina eurekin batera, herriko bertsolari gazteek, Jaione eta Jon Mazizior eta Maddi Larralde musikariek eta Mentxu Peña kontalariak parte hartuko dute. Inaugurazio ekitaldia borobiltzeko luntxa eskainiko du Udalak hurbiltzen diren guztientzat.

Heldu den astetik aitzinera izanen dute herritarrek zerbitzua eskura. Astean bi aldiz irekiko dute liburutegia, bi orduz: astelehenetan eta asteazkenetan, 16:30etik 18:30era. Auzolanaren bitartez funtzionatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun