Egurrean segitzen dute Beti Gazteko sokatira taldeko neska-mutilek Euskal Herriko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 20a, 15:00

Beti Gazteko neskek tiraldi guztiak irabazi zituzten larunbatean, 540 kiloko bigarren jardunaldian.

Asteburuko tiraldi guztiak irabazi dituzte Burgun (Araba) eta Altamiran (Bizkaia)

Joan den larunbatean Beti Gazteko gizonezkoek Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketako lehen txapela jantzi zuten 680 kilokoa. Bigarren asteburuan ere jaun eta jabe segitzen dute, bai gizonezkoek baita emakumezkoek ere eta tiraldi guztiak irabazi dituzte larunbatean Burgun (Araba) eta igandean Busturiako Altamira auzoan egindako jardunadietan.

Larunbatean Burgun jokatu ziren tiraldiak, emakumezkoak 540 kilotan eta gizonezkoak 600 kilotan. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan nagusitasun osoa Lesakako Beti Gazte taldeentzat izan zen. Emakumezkoetan, 540 kilotako bigarren jardunaldian, Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen. Bigarren Badaiotz izan zen. Ondoren, Gaztedi Laukizkoa (2,5) eta Txantrea ere berdin (2,5). Azkena Ibarra izan zen. 

Gizonezkoetan ere espero zena gertatu zen. 600 kiloko lehen jardunaldian Beti-Gaztek tiraldi guztiak irabazi eta lehenbizikoa izan zen 7 punturekin. Bigarren, Laukizko Gaztedi (6 puntu); jarraian, Ibarra (5 puntu), Berriozar (4 puntu), Murueta (3 puntu), Txantrea (2 puntu) eta azkena Antsoain (puntu bakarra).

Igandean Altamiran 640 kilotako bigarren jardunaldian neurtu ziren gizonezkoak. Lehen jardunaldian bezala, Beti-Gazte izan zen irabazlea, tiraldi guztiak irabazita (8 puntu). Ondoren, Ibarra (7), Zuraide A (6), Murueta (5), Zuraide B (4), Txantrea (3) eta Abadiño eta Antsoain 1,5ekin berdinduta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun