Urtero bezala, Nafarroako Haur eta gaztetxo kantari jaialdiak antolatu dituzte. Nafarroa osoko haur eta gaztetxoek bilduko dituzten lau emanaldi eginen dituzte, martxoko lau larunbatetan: hilaren 7an Antsoainen, 14an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, 21ean Zarrakaztelun eta 28an Lizarran. Jaialdi nagusia apirilaren 4an eginen dute Barañainen.
Jaialdi hauek duela urte asko ospatzen dira, 1992tik hain zuzen ere, Kantuzale Elkartearen eskutik. Elkarte honek langile bat zeukan horrelako ekitaldien antolaketaz arduratzeko baina dirulaguntzarik gabe geratu zirenetik, Amaia Dominguez Gonzalok, Elkarteko kide eta musika-irakasleak, haurren jaialdi hauek bere esku hartzea erabaki zuen. 2012tik darama hauek antolatzen, desagertu ez daitezen, euskara eta euskal kantua zabaltzen baitute eta gure komunitateko haur eta gaztetxoek ahaztuko ez dituzten sentsazio eta sentimendu mordoen eragile ere badirelako.