San Antonera ibilaldi arautua antolatu du Beti Gaztek iganderako

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 17a, 12:00
Beti Gazte elkartearen 80. urteurreneko lehen ekitaldia izanen da San Antonerako ibilaldi arautua.

Lesakako elkartearen 80. Urteurreneko lehen ekitaldia izanen da

San Antoneko igandean urtero mendi ibilaldia antolatzen du Beti Gaztek eta aurten, Lesakako elkartearen 80. urteurrenean, ibilaldi arautua antolatu du Plaza Zaharretik San Antonera. Ibiltariak igandean 08:00etatik aitzinera abiatuko dira, binaka edo hirunaka, hiru minutuko tarteekin.

Nahi duen jende guztiak har dezake parte, adin-mugarik gabe. Lau kontrol egonen dira: bat irteeran, bi erdi bidean eta bertzea San Antonera ailegatzean. Bikote edo hirukote erregularrena izanen da irabazlea.

Parte-hartzaile bakoitzak 5 euro ordainduko ditu, eta kamiseta bat oparituko zaio. Horrez gain, lehen bi sailkatuentzako sariak banatuko dituzte. Saridunak Beti Gazte elkartearen webgunean paratu eta hurrengo egunetan banatuko dituzte sariak.

Irteeran, ibilbideari buruzko jarraibideak emanen dituzte, bertatik igarotzeko. Helmugan txistorra-pintxoak izanen dira parte-hartzaile guztientzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun