Kamioilari bat salatu dute Beran, tabletean telenobela bat ikusten ari zela gidatzeagatik

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 16a, 14:39
Kamioiko gidariak positibo eman zuen kalamuan, IATrik ez zuen (200 euro) eta derrigorrezko asegururik gabe zihoan.

Kontrol horretan berean, narkotrotest frogan positibo emateagatik bertze lau ibilgailu gerarazi zituzten

Elizondoko polizia-etxeko Foruzainek lau ibilgailu gerarazi zituzten asteazken honetan Bera parean, Bide Segurtasuneko Legearen arau-hauste hagitz larriak egiteagatik.

Kasu deigarriena kamioi artikulatu batena izan zen. Kamioi horren gidaria, 40 urteko Madrileko bizilagun bat, tabletean telenobela bat ikusten harrapatu zuten, kamioia gidatzen ari zen bitartean. Arau-hauste horregatik 200 euro eta 3 puntuko salaketa jarri diote. Gainera, ez zeraman segurtasun uhala jarria, eta horregatik bertze 200 euroko eta 3 puntuko isuna ere jarri diote.

Kontrol berean bertze lau ibilgailu ere immobilizatu zituzten (kutxa itxiko kamioi bat, furgoi bat eta bi auto) eta guztiak substantzia estupefazienteetan egindako narkotest frogan positibo eman zuten. Infrakzio horrek 1.000 euroko isuna eta gidabaimenetik sei puntu kentzea dakar.

Kutxa itxiko kamioiaren gidariak, 36 urteko gipuzkoar batek, positibo eman zuen kalamuan, ez zuen IAT-rik (200 euro) eta nahitaezko asegururik gabe zihoan. Arau-hauste hori 2.800 eurokoa izan daiteke. Foruzainek ibilgailuaren kabinan egin zioten miaketan, berriki arrazoi beragatik egindako bertze bi salaketa aurkitu zizkioten.

Bertzalde, banaketako furgoi bateko gidariak positibo eman zuen kalamuan eta speedean, eta bi autotako gidariek positibo eman zuten kalamuan. Horietako bati, gainera, haxix zati bat eramateagatik 601 euroko isuna ere jarri diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun