Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketan 680 kiloko txapela jantzi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 13a, 12:00

Emakumeak 540 kiloko lehen jardunaldian eta gizonezkoak 640koan ere nagusi izan dira

Lehengo lepotik burua. 2019 urtea Euskal Herriko launakako txapel guztiak irabaziz bukatu zuten Beti Gazte sokatira taldeko neskek eta mutilek eta 2020a bide beretik abiatu dira. Euskal Herriko zortzinakako goma gaineko sokatira txapelketa Azkoitian abiatu zen larunbatean, otsaileko Irlandako Munduko Txapelketari begira. Gizonezkoen 680 kilotan zortzi talde aurkeztu ziren eta, jardunaldi bakarrera, Lesakako Beti Gazteko zortzikoteak erraz irabazi zuen. Tiraldi guztiak bereganatu zituen, nagusitasun handiz eta lehen txapela jantzi zuen, pisu handienekoa. Argazkiak: Maxixatzen

Sailkapena honela gelditu zen: txapelduna Beti Gazte 21 punturekin eta gibeletik Zuraide A (15), Goiherri (15), Ibarra (13), Murueta (4), Zuraide B (3), Abadiño (2) eta 6 Conceyos asturiarrak (0). Beti Gazteko zortzikotean, Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna eta Unai Gurrutxaga laguntzaile zituztela

Emakumezkoak ere gogotsu hasi dira. 540 kilotan bortz talde lehiatuko dira. Azkoitiko saioa izan zen lehenbizikoa eta hemen ere, Beti Gazteko neskak nagusi izan ziren. Txantrearen aurkako tiraldietan berdindu egin bazuten ere, gainerako guztiak irabazi eta 10 punturen jabe egin ziren. Bigarren Badaiotz sailkatu zen (9), hirugarren Txantrea (7), laugarren Gaztedi, (3) eta Ibarra, bosgarren, punturik gabe gelditu zen.

Bertzalde, igandean Mungiako Jose Antonio Agirre kiroldegian, gizonezkoek 640 kiloko txapelketako lehen jardunaldia jokatu  zuten. Zortzi talde aritu ziren denak denen aurka. Hemen ere, Beti Gazte izan zen garaile 8 punturekin eta gibeletik sailkatu ziren Ibarra (7), Zuraide A (6), Murueta (5), Txantrea (4), Zuraide B (3), Abadiño (2) eta Antsoain (1).

 

Egutegia

Asteburu honetako lehen jardunaldiaren ondotik, urtarrilaren 18an Burgelun (Araba) gizasemeen 600 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 540 kiloko bigarrena jokatuko dute; urtarrilaren 19an, Busturiako (Bizkaia) Altamira auzoan, gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute; urtarrilaren 25ean Idiazabalen (Gipuzkoa), gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiak jokatuko dituzte.

Otsailaren 1ean, Araban, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute; otsailaren 8an Ibarran (Gipuzkoa), gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko bigarrena jokatuko dute. Otsailaren 15ean, Berriozarren (Nafarroa), gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko dute egun bakarrean eta emakumeen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia izanen dute. Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa bukatzeko, otsailaren 16an Ezkabarten (Nafarroa) txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian.

Euskal Herrikoaren ondotik, otsailaren 20tik 23ra Irlandako Letterkenny hirian jokatuko da Munduko sokatira txapelketa eta Beti Gazteko tiralariak ere bertan izatekoak dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun