Lesakako II. Mendi lasterketan izena emateko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 9a, 19:00
Aurten ere Frain eta Unanuera igo beharko dute korrikalariek.

Martxoaren 8rako antolatu du Beti Gaztek eta herrikrosa.eus webgunean apunta daiteke


Martxoaren 8an eginen dute Beti Gazte elkarteak antolatutako Lesakako II. Mendi Lasterketa. Igandean 10:00etan abiatuko da 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen lasterketa nagusia Plaza Zaharretik eta, hamar minutu beranduago, 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako lasterketa, 7 kilometro luze eta 300 metroko desnibela duena. Ibilbide luzekoek Frain (455 metro) eta Unanue (650 metro) igo beharko dituzte plazan helmugaratu baino lehen eta gazteek, Frainera igo eta jautsiko dira zuzenean herrira.

Izen-ematea martxoaren 3ra bitarte egin daiteke www.herrikrosa.eus webgunean. Ibilbide luzerako 16 euro ordaindu beharko da (13 euro Beti Gazteko bazkideek) eta egunean bertan eginez gero, 20 euro denentzat. Ibilbide laburrerako 7 euro ordaindu beharko dute, 10 euro probaren egunean. Bi probak kontuan hartuta, gehienez 350 kirolarik parte har dezakete.

Joan den urtean egin zen lehenbiziko edizioa eta ibilbide luzean Joxe Amunarriz hondarribitarra (1.11.15) eta Idoia Maritxalar lesakarra (1.45.32) nagusitu ziren. Gazte Trail lasterketan, Mattin Lekuona lesakarra (30.33) eta Urnietako Ana Otaegi (35.22) izan ziren bizkorrenak. Taldeka Erlaitz izan zen bizkorrena, eta Beti Gazte bigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun