Bertako ekoizleen azoka urtarrilaren 11n eginen dute Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 10a, 07:30

Bertako produktuak Beralandetan ikusgai eta erosgai izanen dira larunbat goizean.

Larunbatean 10:30etik 13:30era Beralandetan

Azken bi urteotan Ricardo Baroja eskolako arkupeetan egin izan dute Baztan-Bidasoko ekoizleen azoka Beran, baina abendutik aitzinera, lekuz aldatzea erabaki dute. Beralandeta izanen da ekoizleen bilgune. Eguraldi ona eginez gero, kanpoko aldean eta txarra baldin bada, areto barrenean elkartuko dira urtarrilaren 11n, larunbatean 10:30etik 13:30era.

Orain arteko ohiturari eutsiz, hilabeteko bigarren larunbatetan Baztan-Bidasoaldeko ekoizleen merkatua egiten segituko dute Beran. Baina larunbat honetakoa lekuz aldatuta eginen dute. Beralandetan 10:30etik 13:30era bilduko dira eta abendutik aitzinera ere, hilabeteko bigarren larunbatetan, Beralandetan elkartuko dira. Ohi bezala, hainbat produktu eskaintzen dituzten eskualdeko ekoizleak egonen dira: gasna, eztia, ukenduak, arrautzak, ogia, haragia... saltzen.

Berako Udaletik jakinarazi dutenez, «aukera ezin hobea da ekoizleekin harreman zuzena izateko». Hortaz, herritarrei eta ingurukoei merkatura hurbiltzeko deia egin diete «gure eskualdeko ekoizleak ezagutzeko eta bertako produktuekin elikatzeko». Horrekin batera, «eskualdeko ekoizleak merkatuan parte hartzera eta gainontzeko ekoizleekin ere espazioa konpartitzera animatu» nahi izan dituzte. Horretarako, «konpromisorik gabe», Udalarekin harremanetan jar daitezkeela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun