Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketako lehen tiraldiak asteburuan eginen dituzte Azkoitian eta Mungian

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 9a, 06:30

Launakako txapelketan jokatutako txapel guztiak irabazi dituzte Beti Gazteko neska eta mutilek.

Lehen txapela, gizonezkoen 680 kiloko kategoriakoa larunbatean emanen dute Azkoitian

Urtarrilaren 11an, arratsaldeko 17:00etan Azkoitiko Gurea Pilotalekuan hasiera emanen zaio aurtengo goma gaineko Euskadiko sokatira Txapelketari. Egun horretan gizonezkoak 680 kilotan eta emakumezkoak 540 kilotan lehiatuko dira. Gizonezkoen kasuan, pisu honetako txapela jardunaldi bakarrean erabakiko da. Emakumezkoetan, pisu honetako hiru jardunaldietako lehena izanen da. Kategoria guztietan lehiatuko den Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta joan den urte bukaeran, launakako txapel guztiak irabaztetik dator.

Gizonezkoak 680 kilo: jardunaldi bakarrean lehiatuko da pisu hau. Zortzi taldea arituko dira denak denen aurka. Lesakako Beti Gazterekin batera, Gipuzkoako Ibarra, Bizkaiako Goiherri, Abadiño eta Murueta, Lapurdiko Zuraide A eta B eta Asturiasko 6 Conceyos lehiatuko dira.

Emakumezkoak 540 kilo: lehiatuko diren hiru jardunaldietako lehena izango da. Bortz talde arituko dira denek denen aurka: Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Badaiotz eta Gaztedi.

Biharamunean, igandean 11:30ean, txapelketak Mungiako Jose Antonio Agirre Kiroldegian izanen du segida. Igandean, gizonezkoak 640 kilotan lehiatuko diren hiru jardunaldietako lehena eginen da. Zortzi talde arituko dira denek denen aurka: Beti Gazte, Antsoain, Txantrea, Ibarra, Zuraide A eta B, Abadiño eta Murueta.

 

Egutegia

Asteburu honetako lehen jardunaldiaren ondotik, urtarrilaren 18an Burgelun (Araba) gizasemeen 600 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 540 kiloko bigarrena jokatuko dute; urtarrilaren 19an, Busturiako (Bizkaia) Altamira auzoan, gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute; urtarrilaren 25ean Idiazabalen (Gipuzkoa), gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiak jokatuko dituzte.

Otsailaren 1ean, Araban, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute; otsailaren 8an Ibarran (Gipuzkoa), gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko bigarrena jokatuko dute. Otsailaren 15ean, Berriozarren (Nafarroa), gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko dute egun bakarrean eta emakumeen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia izanen dute. Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa bukatzeko, otsailaren 16an Ezkabarten (Nafarroa) txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian.

Euskal Herrikoaren ondotik, otsailaren 20tik 23ra Irlandako Letterkenny hirian jokatuko da Munduko sokatira txapelketa eta Beti Gazteko tiralariak ere bertan izatekoak dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun