Erdi lesakarrak taldeak irabazi du Bortzirietako taldekako 21. bertso txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 7a, 20:45
Giro bikaina izan zuten Lesakako Arranon jokatutako finalean.

Oihana Iguaran, Manolo Arozena eta Joanes Illarregik osatutako hirukotea gailendu da eta bertsolari gazteenak, 13 urteko Amaiur Goñik lortu du Kotto Saria

Larunbat honetan burutu da Bortzirietako taldekako 21. bertso txapelketa. Berako Xuga ostatuko buruz buruko lehen kanporaketan 27 bertsolari aritu ziren eta hemezortzi onenekin, puntuazioaren araberako sei hirukote osatu zituzten.

Katakuko lehen kanporaketan hiru hirukote aritu ziren: Erdi lesakarrak (Oihana Iguaran, Manolo Arozena eta Joanes Illarregi), Haritz Kontent (Erika Lagoma, Aritz Mujika eta Xabat Illarregi) eta 3B-Belaunaldi (Jon Gurrutxaga, Amaiur Goñi eta Bittor Elizagoien). Finalera zuzenean pasatu ziren Erdi Lesakarrak taldekoak.

Lesakako Haizeguan jokatutako bigarren finalaurrekoan, Tarrina ta bixkotxo (Maddi Ane Txoperena, Eneko Lazkoz eta Beñat Iguaran), Eztakigu ze izen paratu (Eneko Fernandez, Saioa Alkaiza eta Adur Gorostidi) eta Forasteruk (Xabi Igoa, Julen Zelaieta eta Ane Zuazubiskar) taldeak aritu ziren. Hemen, Tarrina ta bixkotxo taldeak lortu zuen finalerako zuzeneko txartela.

Puntuazioaren arabera, Haritz kontent izan zen finalerako sailkatu zen hirugarren hirukotea. Finalean, aipatu bezala, Erdi lesakarrak taldea nagusitu zen, Tarrina ta bixkotxo eta Haritz kontent taldeen aitzinetik. Saioa Mitxelena, Lide Igoa, Joseba Beltza eta Izaro Mitxelena aritu ziren epaile lanean.

Amaiur Goñi Elortza beratarrak, parte hartu zuen bertsolari gazteenak, 13 urterekin, eskuratu zuen bertso onenari emandako Kotto Saria, Xugan puntuari emandako erantzun batean. Bertsolariak ez ezik, gai-emaileak, epaileak eta musikariak ere Bortzirietako Bertso Eskolak jarri zituen (30 bat laguntzaile), eta inoiz giro ederragoa izan zen bai Arranoko afarian, 70 lagun baino gehiagorekin, finalean baita kanporaketak jokatu ziren ostatuetan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun