Metrobaserri proiektuko plakak biltzeko deia egin du Arantzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 5a, 10:00

Joan den urrian hasi zen Arantzako Udala baserri bakoitzeko identifikazio plakak banatzen baina oraindik ez dute guztiek jaso. Hala, Herriko Etxetik plakak ahalik eta agudoen hartu eta baserrietan modu ikusgarrian paratzeko deia luzatu du Udalak.

Bertze hainbat udaletan egin duten bezala, Arantzako Udala ere Metrobaserri proiektuan sartua da. Larrialdi kasuetan medikuak, suhiltzaileak eta orohar zerbitzu publikoak baserrietara ahalik eta agudoena ailegatzeko pentsatua da Metrobaserri. Baserri bakoitzak bere plaka du, zenbaki bat idatzia duen identifikazio plaka eta plaka hori baserriko atarian paratu behar da, eta noizbait etxean larrialdi kasuren bat gertatuz gero, plakan dagoen zenbaki hori adierazi behar da 112ra deitutakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun