Joxe Elgorriaga eta Mikel Ibarrola dira discgolfeko Nafarroako lehen txapeldunak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 3a, 12:00

Lesakarra recreational mailan nagusitu zen eta doneztebarra MP40 mailan

Baxi Basajauna elkarteak Nafarroako lehen discgolf txapelketa antolatu zuen abenduaren 29an Igantziko Irrisarri Land parkean eta, hain zuzen, elkarte horretako bi jokalari, Joxe Elgorriaga lesakarra eta Mikel Ibarrola doneztebarra suertatu dira Nafarroako lehen txapeldunak kirol-modalitate berri honetan, recreational eta MP40 mailetan, hurrenez hurren.

Baina Nafarroako txapelketa ofizialaz gain, Eguberrietako I. Open txapelketa ere jokatu zen. Honetan, Recreational mailan, Oviedo DiscGolf Club taldeko Xurde Menéndez nagusitu zen, Luis Menéndez taldekidearen eta Bilbao DiscGolf Clubeko Jon Hedreiraren aitzinetik.

Junior mailan, Bilbao DiscGolf Club taldeko Ismael Seoane izan zen irabazle, Aitor Perez eta Xabier Martinez taldekideen aitzinetik. Neska juniorretan, Baxi Basajauna Elkarteko Nora Rouget nagusitu zen.

 

CTP Close To Pin txapelketa ere jokatu zuten, hau da, jaurtiketa bakarrean 70 metrora zegoen saskitik hurbilen zeinek jaurti diskoa. Honetan, Ovideoko Xurde Menéndez izan zen irabazle, saskitik metro eta 30 zentimetrora utzi baitzuen diskoa; bigarren Iparraldeko Pascal Ducos izan zen (metro eta 85 zentrimetrora ) eta hirugarren Jon Hedreida bilbotarra (2 metro eta 5 zentimetrora)

Putters txapelketan, saskietatik 4 metrora hasita, Luis Menendez (Oviedo) izan zen irabazle Bilboko  Ismael Seoaneren aitzinetik.

 

Aurten gehiago

Joan den urte hondarrean lehen txapelketa ofiziala antolatu eta Nafarroako lehen txapeldunak ezagutu ondotik, hasi berri den urtean DiscGolf kirola ezagutzera ematen eta hedatzen segitu nahi du Baxi Basajauna elkarteak Irrisarrin. Honela, Nafarroako DiscGolf eskola sortu nahi dute udaberrian, 6 urtetik hasi eta 90 urte bitarteko jendeak parte hartzen ahal du, baina batez ere ikasle eta gazteei zuzendua. Klase teknikoa eta teorikoak eginen dituzte.

Ekainean Euskal Herriko I. DiscGolf txapelketa antolatuko dute eta udazkenean, Nafarroako bigarren txapelketa. Enpresen arteko txapelketa ere prestatu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun