Larhungo tren ttipia, harrera eremua eta tontorra eraberritzeko egitasmoa martxan da berriz ere

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 30a, 11:10
Tren ttipiaren zaharberritze lanak, goizenik, 2021 hondarrean hasiko lirateke.

2018an Pirinio Atlantikoetako Departamentuak aurkeztu zuen «Larhun 2020» egitasmoak goiti-beheiti handiak izan ditu. Jatorrizko proiektua baztertu eta mendi ingurunea bere osotasunean kontuan hartuko lukeen egitasmoari buruzko prozedura onartu berri du babestutako eremuen zaintzaz arduratzen den batzordeak. Horrela, Larhungo trena, harrera eremua eta tontorra eraberritzeari buruzko ekimena berriz ere martxan paratu dute.

Paueko erakundearekin batera, Euskal Elkargoak Larhun mendiko eremua eraberritzeko egitasmoa babestu dute. Babestutako eremuen kudeaketaz arduratzen den batzordeak ontzat jo ondotik, Larhungo tren ttipia, harrera eremua eta tontorra eraberritzeko egitasmoa, berriz ere, martxan paratu dituzte.

Jean Jacques Laserrek, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteak, adierazi zuenez, ekimen horretan trena eta harrera gunea eraberritzeko lanek lehentasun osoa hartuko dute.

Tren ttipiari dagokionez, zaharberritze lanak, goizenik, 2021eko hondarrean hasiko lirateke. Horren ondotik, Lasserrek aletutako planaren arabera, tontorrari eta beheko harrera guneari dagozkien lanen txanda izanen litzateke.

Tontorreko aldaketek sortu dute, orain artean, zererran handiena. Hortaz, Andueza-Agor bulegoak bere gain hartu zuen tontorreko eremua atontzeko diseinuari buruzko erabakia laino artean geratu da, oraingoz, horren gaineko eztabaida ez baita inondik inora trenkatu.

Babes eremuen kudeaketaren ardura duen CDNPS batzordea dosierraz jabetu zen iragan urrian. Hortik aurrera Ekologia Ministerioari egokituko zaio lanak abiatu aurretik eman beharreko baimenen tramitazioa.

Jean-Baptiste Laborde Euskal Elkargoko presidenteordeak batzordearen aurrean argitu zuenez, «mendi eremua biziaraztea da helburua, betiere natura ondarea atxikiz». Mediabaskek plazaratu du bileraren akta. Agirian argitzen denaren arabera, jatorrizko proiektuaren zenbait asmo baztertu dituzte: trenaren gaitasuna handitzea eta tontorrean pasarela gehitzea zehazki.

Gisa bertsuan, 2018an plazaratu zen proiektuak aparkaleku kopurua areagotzeko asmoa jaso bazuen ere, oraingoz proposamen hori ere alde batera utzi dute. Hau da, tren zerbitzuaren maiztasuna handitzea baino, bidaia eredua aldatzea da gainean dagoen alternatiba indartsuena.

Mediabaskek iragarri duenez «jendearen joan-etorriak pixkanaka-pixkanaka gerta daitezen Larhun inguruko herriek tren txartelen aurresalmentan zeresan handia izango lukete».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun