Lesakako inauterietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko hondarreko egunak dira

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 16a, 07:30
Inauteriek kartela izanen dute Lesakan lehen aldiz.

Urtarrilaren 17ra arte aurkez daitezke lanak eta hilaren 20tik 24ra ikusgai izanen dira lanak Kultura eta Turismo Bulegoan

2020ko inauteriak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deialdia egin du Lesakako Udalak. Urtarrilaren 17ko 13:00 arte aurkez daitezke lanak eta irabazleak 250 euroko saria jasoko du.

Kartelaren neurria A2koa izan beharko du (420x594 mm) eta bertan, derrigorrez, 2020ko INAUTERIAK LESAKAN otsailaren 20tik 25era azaldu beharko du. Lesakan jaioak edo bertan erroldatutako 18 urtetik goitiko pertsonek parte har dezakete eta aurkezten dituzten lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

Aurkezpena gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz egin daiteke, urtarrilaren 17ko 13:00 arte.

 

Erakusketa urtarrilaren 20tik 24ra

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da Kultura eta Turismo Bulegoan, urtarrilaren 20tik 24ra (biak barne). Herri bozketak erabakiko du irabazlea, eta haren erabakia ezin izanen da gibelera bota. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, Lesakan jaioek edo bertan erroldatuak direnek bozkatzeko aukera izanen dute aipatutako egunetan. Kartel irabazleak 250 euro jasoko ditu. Lesakako Udala jabetuko da lan sarituez eta bertzeak itzuli eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun