Eguberriak 2019

18 olentzero eta 4 jaiotza aurkeztu zituzten lehiaketara Lesakan astearte eguerdian

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 26a, 09:30

Emakumeek osatutako Kilimairu taldea izan zen garaile olentzeroen kategoria nagusian

Astearte eguerdiko olentzero eta jaiotza lehiaketan 22 taldek hartu zuten parte: 4 jaiotza lehiaketan eta 18 olentzero lehiaketan. Lehiaketa nagusian, hiru talderen artean, hirugarren urtez neska gazte kuadrilla batek osatutako Kilimairu taldeak (azken bi urtetan Muttikak izenarekin atera ziren) irabazi zuen 600 euroko sari nagusia. Arratsaldean talde hau atera zen musika bandarekin kalejiran. Bigarren postua Añarrak taldeak eskutaratu zuen eta hirugarrena Gaztik taldeak.

11-15 urteko kategorian, bortz talderen artean, Olentzero usotan taldeak jaso zuen lehen saria (120 euro), Olentzero gazta egiten taldeak bigarrena eta Olentzero artoa bereixten taldeak hirugarrena.

10 urte arteko kategorian, hamar talderen artean, Olentzero larrua prestatzen izan zen garaile (100 euro), bigarrena Olentzero galtzerdi zikin eta hirugarrena Olentzero ezin ase.

Jaiotza lehiaketan, kategoria nagusian Nexkak taldea izan zen garaile, Izadi taldearen aitzinetik eta 10 urteko arteko kategorian Izarrak taldeak irabazi zuen eta Jaiotzaberri izan zen bigarren.

Horretaz aparte, bertze Olentzero batzuk ere karrikaz karrika ibili ziren lehiaketatik kanpo. Lehiaz kanpo, modu berean, hiru talde atera ziren, tartean presoekin elkartasun olentzeroa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun