«Grabaketetan denborak presio handia eragiten du»

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 22a, 10:00

Miren Telletxea beratar gazteak film laburretan parte hartu du.

Miren TELLETXEA Berako gaztea

Aurkeztu zure burua.
22 urte dituen beratarra. Ikus-entzunezkoak ikasi ditut eta orain publizitatea ikasten ari naiz.  

Zein dira zure zaletasunak?
Zinema, irakurtzea eta musika aditzea bereziki. Egunerokoan hirurak gozatzen ditut.

Nondik datorkizu zinemarekiko zaletasuna? 
Txiki-txikitatik gustatu izan zait istorioak aditzea eta kontatzea. Pixkanaka bideoklipak eta bideoak nola egiten diren pentsatzen hasi nintzen eta horretan murgildu nahi nuela erabaki nuen. 

Praktikak eta ikasketak uztartzeko sekreturik baduzu?
Antolatzen  eta denbora ongi aprobetxatzen saiatzen naiz. Lanak gain ez hartzeko atseden hartzeko tarteak ere garrantzitsuak dira.   

Film laburretan ibili zara... 
Hasiberria naiz, bizpahirutan parte hartu dut. Azkena Sergio Barrejonen Los Honores izan da eta heldu den urtean ikusgai izanen da.      

Zertan aritu zara?
Script lana egin dut. Filmak ez dira ordena kronologikoan grabatzen eta hori kudeatzeko eta produkzio-beharren araberako grabaketak egiteko lan hori garrantzitsua da. 

Zer ekarpen egin dizu film laburretan parte hartzeak?
Anitz ikasi dut. Orain dela bi urte arte ez nekien grabaketak nola egiten ziren... Graduan ez dute halakorik erakusten. Ikusi eta ikasteko aukera izugarria izan dut.

Teoriatik praktikara... zer izan da zailena?
Denbora ongi kudeatzea. Grabaketetan eszena batzuk grabatzeko denbora mugatua da eta ez betetzeak galera ekonomiko handiak eragin ditzake. Akats ttikiek ondorio larriak izateak presio handia eragiten du. 

Aitzinera begira zein da zure asmoa?
Momentuz, publizitate ikasketak bukatzea. Gero, lanak erakutsiko du bidea...

Kamera gibeletik aitzinera pasatuko al zara noizbait?
Gibelean hobe, hagitz lotsatia  izateaz gain, aktore bezala kaskar-kaskarra naiz. 

Amets bat?
Milaka amets ditut. Horietako bat nik kontatu nahi dudan istorio bat kontatzea, hori pantailaratzea eta ikusle bat hori gozatzen ikustea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun