Hamaika Entzuteko! Irrati-piezen lehiaketan euskarazko lan onenaren saria jaso du Maite Bidarte lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 18a, 15:00

Donostiako Kultura Irratiak antolatutako lehiaketan, Google izeneko lanarekin lortu du saria Bidartek. Epaimahaiak piezaren naturaltasuna eta freskotasuna azpimarratu ditu, baita lokuzioa ere, eta «baliabide egokiak erabiliz, eta harian lotura politak eginez, autobidaia interesgarria planteatu» izana goraipatu du.

Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika Entzuteko! Irrati-piezen lehiaketa bosgarren aldiz egin dute aurten, eta sariak berriki banatu dituzte. 43 pieza aurkeztu dituzte deialdira eta sari nagusia bi piezen artean banatu dute. Sariaren erdia Jon Obeso, Jose Luis Padron, Maider Gorostegi eta Joserra Senperenaren El hombre aparece en el holoceno lanarentzat izan da eta bertze erdia Paloma Arias, Nerea Cardenas, Mikel Claver eta Iker Iturberen Estigia piezarentzat.

Maite Bidarte Sota lesakar kazetariak euskarazko pieza onenaren saria jaso du, Google lanarekin.

Epaimahaikideak Aitziber Iartza Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria, Lourdes Gutierrez Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria eta Manex Urruzola Elhuyar Komunikazioa Unitatearen zuzendaria izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun