1932.urtean Arantzako Lutzinekoborda baserrian jaio zen Loreto eta jaiotetxea herritik urruti zegoenez, herrira gehiegi ez zirela jaisten aipatu du: «Eguberrietan, hala ere, mezetara beti joaten ginen». Otorduak gogoan ditu: «bazkaltzeko zopa ona eta oiloa saltsan prestatzen zuen amak. Postretarako turroia eta mazapanak izaten genituen». Urtezaharreko afaria ere berezia zen, «afaldu ondotik auzoko mutilak Santaktan noiz etorriko ziren esperoan egoten ginen. Baserriko ate ondoan Urte salbe kantatu ondotik, sukaldera sartzen ziren eta txartanan erretako gaztainak eta pattarra eskaintzen genizkien». Urte berriari besta giroan ongietorria egiteko modua izaten zen: «akordeolariarekin ibiltzen ziren, bertsoak botaz eta musika joz eta dantzan. Hagitz ongi pasatzen genuen».
Lucia Iparragirreri eskola garaitik heldu zaizkio Eguberrietako lehenbiziko oroitzapenak: «maestrak goroldioa biltzera bidaltzen gintuen gero Jaiotza paratzeko eta kantak entseatzera elizara joaten ginen». Etxea ere apaintzen zuten: «jaiotza ttiki bat erosi zuen amak eta attak pinu adar bat ekartzen zuen adornatzeko. Izugarrizko ilusioarekin egoten ginen». Eguberri bezperako ohitura ere ilusioz aipatu du: «bazkal ondotik, haurrak bakarrik, herrira joaten ginen baserritar eta artzainez jantziak, kantari ibiltzera. Arropak amak etxean josiak izaten genituen». Kantuak ere ailegatzen ziren Urdingonbordara, «urte zahar arratsean, Santaktan ibiltzen ziren auzoko mutilak eta gure etxera goiz aldera ailegatu eta sukaldean kafea hartzen zuten kantatuaz».
Erregeetan, berriz , herrira joaten ziren amarekin: «kabalgata ikusten genuen eta herrian bizi ziren haurrei opariak bat banaka nola banatzen zizkieten. Batzuei, leihora igo eta eskura ematen zizkieten. Ikusgarria zen». Atzera, oinez egiten zuten etxerako bidea, «farolaren argiarekin eta gu ailegatu orduko Erregeak ere ailegatuak izaten ziren, hantxe izaten genituen opariak leiho bazterrean, zapata garbien gainean: lapitzen bat, pinturak, galtzerdiak edo ilerako apaingarriren bat… jostailurik harturik ez naiz oroitzen».
Jostailurik ez du falta izan Aintzane Iturriak. Ez dira, ordea, horiei lotuak iltzatuak gelditu zaizkion oroitzapenak: «herrian bizi baginen ere, baserrian denbora aunitz egoten ginen eta haurtzaroko oroitzapen gehienak hangoak ditut. Eguberriak ilusio handiz prestatzen genituen. Atautxik pinu adarra jartzen zuen baserrian eta hura apaintzen aritzen ginen». Eskolan ere, «abestiak prestatzen genituen eta gela bakoitzak gure Olentzeroa egiten genuen, lagun bakoitzak zerbait eskolara eramanda». Familia giroan bizi izan ditu beti Eguberriak: «gaur egun ere hala bizi ditugu eta polita da semeekin eta herriko haurrekin ilusio eta magia hori bizitzea». Ilusioa hitza darabil hitzetik hortzera; ea berak ere aitzinekoek bezain ongi eusten dion ilusioaren sokari.