Nafarroako I. Disko Golf txapelketa abenduaren 29an jokatuko dute Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 18a, 12:00

Nafarroako I. Disko Golf txapelketa antolatu duen Baxi basajaun elkarteko Mikel Ibarrola doneztebarra, Irrisarri Landeko zelaian.

Baxi basajauna Elkarteak antolatu du Irrisarri Land parkean eta abenduaren 21ean izanen da entrenatzeko aukera

Baxi Basajauna Elkarteak antolatuta Nafarroako lehen Disko Golf txapelketa jokatuko dute abenduaren 29an Igantziko Irrisarri Land parkean. Irrisarri Land-eko lehen Eguberrietako irekia ere jokatuko dute. Aitzinetik, entrenatzeko aukera izanen da abenduaren 21ean. Izena emateko Mikel Ibarrolarekin jarri behar da harremanean, 620 37 96 42 telefonora deituz edo grupos@irrisarriland.es helbide elektronikoan.

Datorren urtean gehiago

Beraz, disko golfeko lehen txapeldunak zein diren jakinen da abenduaren 29an eta 2020 urteari begira, kirol honekin lotutako bertze zenbait ekitaldi egin nahi dituzte. Honela, Nafarroako Disko Golf eskola sortu nahi dute udaberrian, 6 urtetik hasi eta 90 urte bitarteko jendeak parte hartzen ahal du, baina batez ere ikasle eta gazteei zuzendua. Klase teknikoa eta teorikoak eginen dituzte.

Ekainean Euskal Herriko I. Disko Golf txapelketa antolatuko dute eta udazkenean, Nafarroako bigarren txapelketa. Enpresen arteko txapelketa ere prestatu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun