«Zientzian bezala euskara bertze edozein arlotan gara daiteke»

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 14a, 11:00
Jon Abril beratarra duela zazpi urte hasi zen Elhuyarren, eta irailaren 1az geroztik zuzendari nagusia da.

Jon Abril Olaetxea: Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi beratarra

1972an euskarazko zientziaren dibulgazioa egiteko sortu zen Elhuyar Fundazioa. Geroztik bertze lan-esparru gehiagotara zabaldu da. Hortaz aritu da Jon Abril Elhuyarreko zuzendari nagusia

Zaila da Jon Abril Olaetxearen (Bera, 1975) aurkezpen labur bat egitea, zaila bere ibilbidea lerro gutti batzuetan biltzea; kazetari, kolaboratzaile, kultur teknikari, politikari, antzerki taldeko eta bertso eskolako partaide, bertso txapelketetan epaile... bazter aunitzetan utzi du arrastoa. Etxean jaso zuen «euskararekiko atxikimendua eta euskal kulturarekiko kontzientzia» eta karrikan gaztetatik herri mugimenduetan parte hartuz hasi zen gainerako bidea osatzen. Dioenez, «horrek guztiak niregan sortu zituen nolabaiteko emozioek ekarri naute gaur egun nagoen tokira». Duela zazpi urte Elhuyar Fundazioan hasi zen lanean, eta irailaren 1az geroztik, bertako zuzendari nagusia da. «Erronka eta aukera» gisa hartu omen du ardura: «erronka maila pertsonalean eta profesionalean, eta aukera pertsona bezala hazteko eta erakundea nire ibilbidearekin lotu eta jakintza hori konpartitzeko».

 

Nola ailegatu zinen Elhuyarrera?

Politika utzi, eta langabezian egin nuen denboran ikasten ari nintzela, Elhuyarren euskara eta partaidetzaren inguruan teknikari lanak egiteko lan-poltsa ireki zuten. Eskaintza erakargarria iruditu zitzaidan, lana behar nuelako, baina batez ere, nondik heldu nintzen ikusita, hagitz interesgarria izan zitekeelako. Herriko Etxean partaidetzaren arloa dezente landu nuen eta euskararen gaia beti presente izan dut. Hautatuetako bat izan nintzen eta bi arlo horiek aldi berean lantzeko aukera eskaini dit Elhuyarrek. Gerora, beharbada, gehiago espezializatu naiz partaidetzaren eta berrikuntza sozialeko gaietan, eta horrek bertze bide bat ireki dit. Zazpi urte hauetan sekulako eskola izan da Elhuyar, profesionalki hazteko aukera eman didana.

Hortaz, balorazioa ona da...

Bai, 85 laguneko lantalde bat gara, etengabe egitasmoak sortzen, asmatzen eta gizarteratzen ari dena, eta horrek aunitz erakartzen nau. Elhuyarren nagoenetik euskararen inguruko ekosistema oso bat ezagutu dut; alor aunitz orain arte ez nituen hurbiletik ezagutuak, baina euskararen garapenean beharrezkoak dira.

«Elhuyarren euskararen ekosistema oso bat ezagutu dut»

Zure lan esperientziarik interesgarri eta aberasgarriena dela erran izan duzu...

Bai... Ikasten ari nintzela Egunkarian ibili nintzeneko oroitzapen zoragarriak ditut, eta Beran kultur teknikari hasi nintzenean, dena egiteko zegoenean, nire ikuspegia eta lan teknikoa garatzeko aukera izan nuen. Baina 20 urte baino gehiagoko ibilbide profesionalaren ondotik, erakunde moduan eta etorkizuna ikusteko duen moduagatik interesgarriena dela erranen nuke.

Euskarazko zientziaren dibulgazioa egiteko sortu zen Elhuyar. Nola ikusten duzu euskarazko zientzia?

1972an sortu zenetik jauzi izugarria egin da. Gaur egun, unibertsitateko ikasketa zientifiko gehienak osorik edo zati handi batean bederen euskaraz ikas daitezke. Zabalkunderako kanal aunitz ireki dira eta euskarazko zientziak bere lekua harrapatu du, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Zientzia gizarteratzea gobernuen agendetan dagoen gai bat da eta EAEn euskarak hor egon behar duela barneratua da. Hortaz, egiteko aunitz dago, baina egindakoa ere nabarmentzekoa da.

Adolfo Suarezek fisika kuantikoa euskaraz egitea ezinezkoa dela erran bazuen ere, posible da...

Jose Ramon Etxebarria fisikari euskaldunak aski ongi zuzendu zion, fisika kuantikoa euskaraz egiteko bi gauza jakin behar direla erranez; fisika kuantikoa eta euskara. Euskarak bizitzako edozein arlotan izan dezake garapena, eta azken hamarkadetan erakutsi da ez dela hezkuntzarako edo kulturarako bakarrik. Halere, lan munduan oraindik erronka hori sendotzekoa dugu. Kontua apustua egitea da.

«85 laguneko lantalde berritzailea gara»

Gaur egun zertan ari da Elhuyar?

Nagusiki lau lan esparru ditu. Batetik, hizkuntza eta teknologien arloko lantalde zabala dugu. Gure produkturik ezagunena hiztegia da, eta berriki itzultzailea.eus bortz hizkuntzen arteko itzultzaile automatikoa argitaratuz bertze urrats bat egin dugu. Baina horrez gain, itzulpengintza espezializatua eta goi-mailakoa eskaintzen dugu eta teknologien arloan, adimen artifizialarekin eta ahotsarekin eta big datarekin ari gara. Gero eta ohikoagoa da edozein gailu teknologikorekin solasean aritzea, baina gailu horiek oraindik ez dute euskara ulertzen. Laster errealitatea izanen da hori. Bigarren lan esparrua, zientziaren dibulgazioa da. Horren barne, batetik, hedabideen bitartez kultura zientifikoaren zabalkundean ari gara Elhuyar aldizkariarekin, Norteko Ferrokarrila irratsaioarekin edo Teknopolis telebistako saioarekin. Bertzetik, zientzia hezkuntza dugu. Gazteen artean zientzia zabaltzeko hainbat egitasmo ditugu: Zientzia Azoka, Bizilabe teknologia gunea... Hirugarren esparrua aholkularitza da. Euskararen garapena lantzen dugu, administrazioari eta enpresei parte-hartzea, berrikuntza soziala eta berdintasunaren inguruko aholkularitza zerbitzua eskainiz. Azkenik, laugarren arloa, ttikiena, komunikazio espezializatuarena da. Ikerketa guneei, unibertsitateei... prentsa-bulego lana egiten diegu.

Zuzendari nagusiaren kargua hartutakoan, erakunde berdeagoa egiteaz eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunean urratsak egiteaz aritu zinen...

Berdintasunaren arloan lan aunitz egin da. Erakunde hagitz feminizatua gara, langileriaren %75a emakumezkoa da; garapen maila altuko berdintasun plana dugu, kontziliaziorako neurri aunitz, jazarpen sexistaren kontrako protokoloa... Gure proiektuetan genero ikuspegia txertatua dugu, baina  gehiago egin daiteke eta zaintzaren aldetik arreta gehiago jartzea posible da. Larrialdi klimatikoaren inguruan, berriz, ekologismoaren ikuspegia enpresetan barneratu beharra dago. Gure aldetik, erakundea eta gure eraikina hobetu eta gure proiektuetan ikuspegi hori lantzeko asmoa dugu.

«Hainbat erakunderekin harreman sare estua dugu»

Nolako harremana duzue administrazioarekin?

Hainbat erakunderekin harreman sare estua dugu: euskalgintzarekin, ikerketa zentroekin, unibertsitateekin, zientzia erakundeekin, enpresekin... Baita administrazioarekin ere; batetik, proiektu berritzaile aunitzetan ezinbertzekoa delako laguntza publikoa; eta bertzetik, gure patronatuan erakunde publikoetako ordezkariak daudelako. Zeharka bada ere, gure izaeraren parte dira. Herri mugimenduaren eta ad- ministrazioaren arteko elkarlana ezinbertzekoa da.

Gizartean nola ikusia da Elhuyar?

Beharbada, hiztegia eta aldizkaria dira gure ikurrik ezagunenak, batez ere hiztegia, erabiltzaile pila baititu; urtean 56 milioi kontsulta. Gure proiektuen bidez, jende aunitzengana ailegatzen gara, baina egiten duguna ez da hain ezaguna. Gehiago zabaldu behar genuke.

«Egiten duguna ez da hain ezaguna gizartean»

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Horrelako erakunde batean beti dago zer egina, zer hobetua eta zer aldatua eta beti ur putzu berritan sartzen gara. Hasteko, 85 lagunentzako soldatak ordaintzeko proiektuak behar ditugu eta hori egunero landu beharreko kontua dugu. Etengabe aldatzen ari den gizartean bizi gara eta zer gertatzen den erne egon eta horren arabera egokitu eta lanean segitu behar dugu. Horrek ezinbertzean beti berrasmatzen aritzea eskatzen du.

 

Erronkei heltzeko gogotsu

Kazetaritza ikasi eta «hasierako urteetan kazetari gisa» aritu zen. Geroztik ez du baztertu: «komunikazioa nire lan gehienetan presente egon da». Baina bertze hainbat alderditan ere ibilia da, gustuko duelako batetik bertzera ibiltzea, «gauza diferenteak probatzea eta erronkei heltzea». Hori bai, beti maite duenaren bueltan dabil, «eus- kara, kultura eta herrigintzari lotuta», bere ibilbidean «hagitz presente egon diren hiru ardatz» direlako. «Ttikitatik kulturak eta euskarak toki berezia izan dute nire bizitzan eta gaztetatik hainbat saltsatan ibili naiz. Herrigintzan inplikatua egotea politika egiteko modu bat da eta akaso horregatik egin nuen politikara pausoa eta berriz herri mugimendura».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun