Berriozarko finalerako txartela lortu dute Beti Gazteko emakumeen eta gizonezkoen sokatira taldeek

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 9a, 15:00

Ozaetako bigarren jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko emakumeek.

Abenduaren 14an, larunbatean 17:00etan hasita ariko dira

Euskal Herriko launakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 260 kiloko kategorietako finalerako txartelak lortu dituzte Beti Gazteko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek. Finalak abenduaren 14an, larunbat arratsaldeko 5etatik aitzinera jokatuko dituzte Berriozarko kiroldegiko frontoian.

Beti Gazteko emakumezkoek, 240 kiloko pisu arinean txapela jantzi ondotik, 260 kiloko kategoria astunean ari dira. Ozaetan jokatu dira lehen bi jardunaldiak eta lehenbizikoan Gaztedirekin berdindu eta bertze tiraldi guztiak irabazi zituzten eta bigarrenean, tiraldi guztietan nagusitu ziren. Hortaz, 15,5 punturekin lehen postuan lortu dute finalerako txartela. Lesakarrekin batera Badaiotz A (11 puntu), Badaiotz B (10 puntu), Gaztedi (10 puntu), Ibarra (8,5 puntu) eta Txantrea B (8,5 puntu) sailkatu dira Berriozarko finalerako.

Gizonezkoetan ere, Beti Gazteko mutilek lortu zuten 320 kiloko txapela eta orain 300 kilokoan ari dira lehian. Bi multzotan banatuta ari dira bederatzi talde eta multzo bakoitzeko hiru lehenbizikoek lortu dute finalerako txartela. Lesakarren multzoan, Ibarra nagusitu da lehen bi jardunadietan, eta Beti Gazte izan da bigarren. Beraiekin batera, Ñapurrakek lortu du finalerako txartela beraien multzoan. B multzotik, berriz, Gaztedi, Berriozar B eta Antsoain sailkatu dira.

Finalean denak, mutil nahiz neska, hutsetik hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun