Euskararen eguna ospatu dute Lesakako Irain eskolan ere

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 4a, 18:00
Ikasle, irakasle, guraso eta musikariak bildu zituen Euskararen Egunak Irain eskolan.

Irain eskolako Begiluze kantaren estreinaldia izan zen ekitaldirik adierazgarriena

Lesakako Irain eskolak, urtero bezala, bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunarekin eta horren bueltan, abenduaren 2an, hainbat ekintza antolatu zituen eskolan bertan, euskararen erabilera aldarrikatzeko eta era berean ospatzeko.

 

Ekitaldiz jositako eguna izan zen: goizean, eskolako hezkuntza bidelagun den Begiluzeren bisita izan zuten eta ikasleek, euskal  kantu eta dantzen emanaldia eskaini zieten eskolara bertaratutakoei. Arratsaldez berriz, eskulanak egin zituzten eta egunari bukaera emateko, Guraso elkarteak antolatuta, txokolate beroa bizkotxoekin eta taloak dastatzeko aukera izan zuten. Musika eta dantza ere ez ziren falta izan. 

Bertan, berrikuntzarik aipagarriena, Begiluze kantaren aurkezpena izan zen. 6.mailako ikasleen txirula doinuarekin batera, bertaratutako guztiek abestiaz gozatzeko aukera izan zuten. 

Kanta hau, eskolako guraso diren Carlos Semperrek eta Jone Elgorriagak, Joxe Juan Zubieta Etxabe bertsolariarekin batera, sortu zuten. Aipatu, Igor T. musikaria eta ikasle ohiak diren, Mattin A., Andoni A. eta Julen S. laguntza lanetan aritu direla ere. 

Irain eskolakoek, egun osoko egitaraua  oparoa izan zuten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun