Joseba Beolak eta Joxelu Irazokik irabazi dute asfalto gaineko Nafarroako rally txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 4a, 14:00

Errioxako probaren eat sari banaketaren ondotik, eskualdeko ordezkaritza zabala bildu zen argazkirako.

Formula librean, Xabier Zubiri eta Miguel Elizalde lesakarrek irabazi dute Nafarroako txapelketa

Callahango X. Rallysprinta jokatu zen azaroaren 30ean Errioxan, Nafarroako asfalto gaineko rally txapelketarako azken proba puntuagarria. Txapelketa honetan, emozioa izan da azken lasterketa arte, sailkapen nagusia erabakitzeko baitzegoen.

Joseba Beola beratarraren eta Joxelu Irazoki igantziarraren eta Iñaki Zozaia eta Xabier Andueza lesakarraren artean puntu guttiko aldea zegoen. Lasterketako lehen zatian, errepidetik atera zen Zozaia eta Anduezaren Porsche 911 GT3 autoa eta bidea libre utzi zuten Beola eta Iratzokiren garaipenerako. Probako sailkapen orokorra ez ezik, Nafarroako txapelketa ere irabazi zuten, Mitsubishi EvoXR4 autoarekin.

Lurreko rally txapelketan Nafarroako txapeldun izan ondotik, Iñaki Ubiria lesakarrak eta Gorka Biainek Callaghango rallysprint honetan ere parte hartu zuten. 4. klasean irabaztea lortu zuten Seat Ibiza autoarekin eta sailkapen orokorrean zazpigarren izan ziren.

Azkenik, Xabier Zubiri eta Miguel Elizalde lesakarrek, BMW E30ean, 10. klasean irabazi zuten eta, gainera, formula librean Nafarroako rally-txapelketa irabaztea lortu  zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun