Izaki basati bat, aktore bat, eta arrantzale bat agertuko zaizkigu aurtengoan. Bakarkako hiru lan “Keinu-Leihoak” jardunaldietan. Bi gazteren proposamen pertsonala, eta pertsona gazteenei zuzendutako hirugarren bat. Antzerkizaletasuna sustatu eta berritzeko asmoz. Hiru leiho, hiru mundu… edo gehiago.
Abenduaren 6an, ortziralean 18:00etan Harriondoa Kultur Etxean, Xanti Agirrezabalaren Sátiro antzezlana ikusgai izanen da.
Satiroa: Sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits,zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena.
Abenduaren 8an, igandean ordu eta leku berean, Kamikaz kolektiboaren Panpina izanen da ikusgai.
Antzezlan honetan gai sakonak topatuko ditu ikusleak,umorea eta performance kutsuko aktore lan klasikoaz lagunduta: noiz bilakatzen da norbera panpin eguneroko bizitzan? Zer pasatzen da panpin baten burutik? Noiz behar dugu begiratu gaitzaten, eta zergatik? Emakume oro da panpina? Besteen begiradak egiten gaitu panpin?
Panpina oholtza gainean Erika Rooibos aktorearen argilunak erakutsiko dituen lana da, baina era berean, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo bezain probokatzailean agerian jarriko dituena.
Azkenik, zikloa bukatzeko, abenduaren 15ean, igandean 17:30ean Arranon Uretako ipuinak antzezlana eskainiko du Eneritz Artetxek, 4 eta 9 urte arteko neska-mutikoei zuzendua.
Behin, itsasoaren erdian txipiroiak arrantzatzen nengoela, olatu txiki batek plastikozko botila bat ekarri zuen txalupa ondora. Ez da gauza arraroa, egunero batzen dut plastiko mordoa itsasotik zoritxarrez. Baina oraingo honetan botila hartzerakoan, barruan paper mordoa zegoela konturatu nintzen! Berehala ekin nion botila irekitzeari eta paperek zekartena irakurtzerakoan, ipuin mordoa zela konturatu nintzen... Uretako ipuinak ziren!