Txondorraren piztuera azaroaren 30ean eginen dute Igantziko Irrisarrin

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 28a, 14:00
Seigarren aldiz piztuko dute txondorra Irrisarrin.

Itziar Sistiaga idazle irundarra arduratuko da aurten txondorra pizteaz  

Azaroaren 30ean, larunbatean 18:00etan hasiko da seigarren aldiz txondorraren piztuera Igantziko IrriSarri Land-en. Urtero bezala pertsona bat omenduko dute eta aurten Itziar Sistiaga idazle irundarra izanen da. Bera arduratuko da ikaztegiko enborrean bere arrasto bat uzten, aitzineko bortz urteetan Iñaki Perurenak, Xabier Euzkitzek, Xabier Agotek, Toti Martínez de Lezeak eta Aizpea Goenagak egin duten bezala. 

Txondorra eraikitzeko, aurten inguruko basoko 18.000 egur-ikatz kilo erabili dira, bereziki gaztainondoarena eta haritzarena. Larunbatetik aitzinera, jendea borondatez arituko da txondorra zaintzen eta urte bukaerarako ikatza izanen da. 5.000 bat kilo ikatz lortzea espero da, azken urteetan bezala jatetxeko parrillan erabiltzeko datorren denboraldian. 

Larunbat honetatik aitzinera eta abenduaren 30era bitartean ikaztegia bisitatu ahal izanen da, bertan dagoen museoarekin batera. Garai bateko ikazkinen bizitza-estiloa eta lan egiteko modua ikusi eta ikasi ahal izanen da. Horretarako bereziki egina dagoen ibilbidea ere egin daiteke eta trenez ikusi guztia. 

 

Musika emanaldia

Txondorraren piztuerarekin batera Gorka Zabaleta kantautoreak ere musika emanaldia eskainiko du eta egun horretatik aurrera hainbat ekintza antolatuko dituzte Irrisarrin. Abenduaren 21ean Olentzero IrriSarri Land-era etorriko da, 15:00etan Ikaztegira eta 17:00etan Jolastokira. Bertan neska-mutilen gutunak eta azalpenak jaso eta adituko ditu. 

 

Irisarri familiaren eguna ere larunbatean

Bosgarren urtez jarraian Irisarri familiaren eguna ere ospatuko dute larunbatean IrriSarri Land-en. Bertan parte-hartzeko nahitaezkoa da lehenengoa eta bigarrengo abizena Irisarri edota bere aldaeraren bat izatea:  Yrisarri, Irizarri, Irisarri, Irissarri, Yrisarri… Hainbat ekitaldi antolatu dituzts familiaren eguna ospatzeko.

 

Parkea zabalik egonen da abenduaren 30a arte

IrriSarri Land zabalik egonen da abenduko asteburu guztietan 10:00etatik 18:00etara eta abenduaren 21tik aitzibera egunero zabalik egonen da, 24an eta 25ean izan ezik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun