«Nepalen funtzionalitate anizkoitza bekatu baten ondorio dela uste dute»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 30a, 10:00
Oihana Elzaurdia Ariztiak –argazkian erdian– hilabete bat pasatu du Nepalen boluntario lanetan

Oihana Elzaurdia Ariztia, Nepalen boluntario ibili den beratar fisioterapeuta

Nepalgo hegoaldean dagoen Hetauda herrian hilabete batez ibili da behar bereziak dituzten haurren eskola batean fisioterapeuta gisa lanean. Egonaldia aunitz ikasteko bidea izan dela aitortu du

«Oraina bizitzearen garrantziaz» ohartuta eta «dena edukitzegatik ez garela hobeki bizi» ikusita itzuli da Oihana Elzaurdia Ariztia (Bera, 1997) Nepaletik. Esperientzia «polita» izan dela dio, eta «gustura» itzuliko litzatekeela berriz. Fisioterapia ikasketak bukatuta, abuztuaren erdialdetik irailaren erdialdera hilabete bat pasatu du Nepalen, Familia de Hetauda Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) bitartez, behar bereziak dituzten haurren eskola batean fisioterapeuta gisa boluntario.

Zergatik Nepal?

Fisioterapiako karrerako lehenbiziko mailan, kooperazio lanak egiteko programa aurkeztu ziguten, tartean, Nikaraguara joateko aukera. Ikasketak bukatu eta harat joatea pentsatu nuen, baina karrera bukatzerako Nikaraguan egoera aldatu zenez, programa bertan behera utzi behar izan zuten. Arantza hori gelditu zitzaidan eta nire aldetik bilatzen hasi nintzen. Zentro batean praktiketan ari nintzela, tutore batek Nepalen fisioterapeuta gisa aritzeko aukeraren berri eman zidan, edo ni Ekuadorrera joaten ahal nintzela ere aipatu zidan. Hasieran Ekuador aukeratu banuen ere, azkenean Nepalera joatea erabaki nuen, programa erakargarriagoa zelako eta fisioterapeuta lana egiteko aukera eskaini zidalako.

Nolako erakundea da Familia de Hetauda?

26 urte dituen Aina Barca katalanak sortua da. Duela bortz urte Nepalera bidaiatu zuen eta behar bereziko haurrak sozialki hagitz baztertuak zeudela ikusi zuen. Behar berezikoak izateagatik muturreko egoeretan daude, kaioletan bizitzeraino. Karman sinesten dute eta bertze bizi batean bekatua egin dutenak funtzionalitate anizkoitza duten pertsona batean haragitu direla sinesten dute, hau da, bertze bizi batean akatsen bat egin dutenei ezarritako zigorrak direla. Ez daude ongi ikusiak, eta gainera, hagitz herrialde pobrea denez, baserriko lanetan laguntzeko ez dietela balio sentitzen dute, lan-zama direla. Hori ikusita Ainak eskola bat sortzea erabaki zuen, eta herritik urruti bizi diren haurrek lo egiteko egoitza dute. 

Zer moduzko eskola da?

5 eta 20 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte. Nepal hegoaldean dago, Hetauda hiritik pixka bat aparte, Indiatik hurbil. 60-70 bat haur dira, baina itxarote-zerrenda luzea dute.

Zertan ibili zinen?

Langileak formatzen aritu nintzen. Eskolako langileak ikasketarik gabekoak dira. Fisioterapeuta bezala aritzen den emakumeak, adibidez, boluntarioengandik jaso du formazioa eta horren arabera lan egiten du. Praktikoki esperientzia handia du, baina alde teorikoa boluntarioek erakusten diote. Nire kasuan, egunero, bederatzietarako oinez egoitzara gosaltzera joaten nintzen eta hamarretan eskolara. Goiza eskolan pasatzen genuen eta haurrak joandakoan ere bertan gelditzen ginen, bero handia egiten zuen kanpoan eta ezin zen bertze inon egon. Gainera, mahaia eta aulkiak dauden herriko leku bakarra eskola da eta materiala prestatzeko han gelditzen ginen. Gosaldu eta afaldu egoitzan egiten genuen, arroza, eta bazkaldu eskolan, palomitak eta halakoak.

Zein da haur horien egoera?

Eskola hagitz ongi prestatua da, herrian luxu handiena duen etxea dela erranen nuke, eta gelek hemengo Haur Hezkuntzakoen gelak dirudite, marrazkiekin apainduak eta boluntarioek eramandako mate- rialekin hornituak. Ezin da bertako bertze eskolekin konparatu, horiek bukatu gabeko eraikinak direlako eta 400 bat haur elkarrekin egoten direlako. Hortaz, eskolan ongi daude, baina etxera itzultzean ez dute deus onik espero. Orain dela aste batzuk egoitzan bizi zen haur bat hil zen, oporretan, katarro batekin, etxera itzuli zenean; segur aski gurasoek ez zutelako ongi zaindu. 

Nolako ezaugarriak dituzte?

Denetarik dago. Kasu aunitzetan ttikitatik estimulatu ez di- tuztelako daude dauden egoeran. Halere, deigarria da ezintasun fisikoak izan eta inoiz laguntzarik jaso ez dutenak nola bizkortzen diren ikustea. Tetraparesia duen pertsona bat ibiltzen ikus dezakezu, zutik jarri eta paretaren kontra erdi etzanda bada ere, oinez. Hemen zailtasun guztien aitzinean laguntzen saiatzen gara, han, ordea, zailtasunei bakarrik aitzin egin behar diete, hauetara egokitu eta edozein motatako estrategiak erabiliz.

«Dena edukita ez gara Nepalen baino kontentuago bizi»

Nepalen egindako egonaldian, familia baten etxean egon zinen. Nolakoa zen familia?

Beti familia berak dira boluntarioak etxean hartzen dituztenak. Ni egon nintzen etxean, emakume bat, senarra eta bi haur bizi ziren, baina bertze boluntario bat emakume horren ahizparen etxean bizi izan zen 17 lagunekin. Esker oneko jendea da eta hain gutti edukita aunitz ematen duena.  

Zein behar dituzte?

Ez dute deusen beharrik sentitzen. Hagitz bizitza xumea dute. Egunero goizeko bortzetan ernatzen dira, eta baratzeko lanak egitera joaten dira. Dena eskuz  eta dena emakumeek egiten dute. Ez nuen gizonezko aunitzik ikusi; hirian lanean egonen ziren edo militarrak izanen ziren... Baratzeko lanen ondotik, 20-30 kiloko belar fardoak bizkarrean hartu eta etxeraino oinez joaten dira gosaltzera. Arroza gosaldu ondotik, nire etxekoandrea eskolara lanera joaten zen eta arratsaldez arropak garbitzera. Hagitz kontent bizi dira eta gustura bizi direla erraten dute, ez luketela deus ere aldatuko. Are gehiago, kontent egoteko eta irri egiteko mezuak luzatzen dituzte. 

Munduko herrialde pobreenetako bat da Nepal...

Bai, baina toki batetik bertzera bada aldea. Katmandu hiriburua eta Chitwan parke nazionala ezagutzeko aukera izan nuen eta toki turistikoetako jendea diferente bizi dela ikusi nuen. Hiriburua kaosa iruditu zitzaidan, autoak nonahi eta zikina. Hetaudan, ordea, ez dago autorik, gehienez ere bizikletaren bat, eta bideak harrizkoak dira. Auzo handi eta lasaia da, eta etxeek lau gela eta komuna dituzte. Komuna zulo bat da eta dutxa- tu kanpoan egiten dira, balde batekin. Sukaldea gela horietako bat da, egurrezko altzari batekin eta harraskarik gabe, kanpin-gas bat duena eta ondoan ohatzea. Ohatzeak gainean koltxoi fin bat duten egurrezko altzariak dira, eta burkoek harri kozkorrak dirudite. Baina hori bai, telebistak eta mugikorrak denek dituzte. Gainerakoan, etxean arratoiak, muskerrak, saguak... denetarik tokatu zitzaidan. Argindarra egunero joaten da, eta dagoenean, goiti eta beheiti ibiltzen da. Etxeko haizagailua ez gelditzeko desiratzen egoten nintzen, hura geldituz gero etxeko fauna aditzen nuelako.

Emakumeak nola bizi dira?

Beti lanean ari dira. 16-19 urterekin ezkondu eta senarraren familiaren etxera joaten dira bizitzera eta senarraren anai-arrebak bere anai-arrebak eta senarraren ama bere ama bilakatzen dira. Ostatuetara joateko aukerarik ez dute eta hilekoarekin, ezin dute kozinatu. Nire kasuan, neska izanda, beldurragatik, etxekoandreak gaueko bederatziak baino beranduago etxera bueltatzen ez zidan uzten eta leku guztietara norbaitekin joan behar izaten nuen. Hetaudan ez nuen beldurrik sentitu, baina egia da mutil gazteek emakumea eta zuria izateagatik gaizki begiratu eta irri egiten zidatela. Katmandu hiriburuan, berriz, batere gustatu ez zitzaizkidan hiruzpalau egoera izan nituen gizonezkoekin.

«Oraina bizi dute eta horrek lasaitasuna ematen die»

2015ean lurrikara batek herrialdea suntsitu zuen. Ondoriorik ikusi duzu?

Hiriburuan bai. Oraindik eraikin aunitz eroriak daude, bertzeak erdi obratan, eta bertakoek ez diotela bueltarik eman diote. Leku turistikoetara sartzeko ordaintzen den sarrera zaharberritzeko dela adierazten dute, baina ezin jakin behar den tokira bideratzen duten, mafia dagoela erraten baitute. Ni bizi izan nintzen herrian ez nuen ondoriorik sumatu. 

Zer ikasi duzu?

Hemen dena eskura dugu, baina dena edukita ere, ez gara hobeki bizi; bizi kalitatea hobea izanen da, baina ez gara haiek baino kontentuago bizi. Oraina bizi dute. Argia joan dela? Ez da deus ere pasatzen. Lasai bizi dira, kontent, kezkarik gabe, eta horrek bizitzeko lasaitasuna ematen die. Nik ere ez nuen deusen faltarik sentitu.

Handik zer ekarriko zenuke?

Bizitzeko duten filosofia. Zaila da hemen aplikatzea, sistemak kontrako bidean garamatzalako, baina gauzak lasai hartzeko duten gaitasuna eta beti etorkizuna buruan ez izatea hagitz positiboa da. Momentukoa oraina da, ez gerokoa. Gerokoa gero etorriko da. Kontuan izan beharko genuke.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun