Musikoterapia eta alzheimerra hizpide izanen dute azaroaren 28an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 26a, 19:00
Musikoterapia zer den azaldu eta ariketa erraz batzuk ere eginen dituzte ortzegunean.

Ortzegunean 18:00etatik 19:30era eskainiko du solasaldia AFAN elkarteak Koskonta Bideko erabilera anitzeko udal-aretoan

Lesakako Osasun Zentroak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, Musikoterapia eta alzheimerra: gure bizitzako kantak, soinuak eta erritmoak. Musika beti da gurekin solasaldia eskainiko du Nafarroan alzheimerra dutenen senideak biltzen dituen AFAN elkarteak azaroaren 28an, 0rtzegunean 18:00etatik 19:30era Lesakako udalaren erabilera anitzeko aretoan (Koskontako Bidea 7, 2.). Sarrera doan izanen da.

Solasaldian azalduko dute musikoterapia zer den, eta nola baliatzen ahal den Alzheimerra duten eriekin. Ariketa erraz batzuk ere ikasiko dituzte, hasi berriek ere erraz egitekoak.

Izan ere, musikak arlo afektibo eta kognitiboa pizten ditu, eta pertsona eriari laguntzen dio ingurukoekin bat egiten. Oroitzapenak eta bizipenak gogora ekartzeak, emozio positiboak sentitzea eta bertzeekin komunikatzea errazten du. Gizarte Zerbitzuetatik hitzaldira agertzeko gonbidapena egin dute, «etorkizunean edo orainean denok zaintzaileak izan gaitezkelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun