Azaroak 25

Arantzan ere ezezko argia erran diote genero indarkeriari

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 26a, 10:49

Haur, gazte eta heldu bildu ziren astelehen eguerdian Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna gogoan, Arantzako Udalak deituta egindako elkarretaratzean. Ezetza beti ez dela nabarmendu zuten: «ez badugu nahi, ezetz erran behar diogu, lotsarik eta beldurrik gabe, eta ezetza eman baldin badigu, ezetza onartu bertzerik ez dugu». Azaroaren 25eko ekitaldiekin segitzeko, ortzirale honetan, Te doy mis ojos dokumentala ikusteko aukera izanen dute Arantzan.

Elkarretaratzean Mentxu Peñak egin zituen aurkezpen lanak eta ondotik, Leire Mitxelena zinegotziak hartu zuen hitza. Ezetza beti ez dela argi eta garbi utzi nahi izan zuen. «Inor ez da inor animalia basati bat bezala portatzeko, grina menperatu ezin duelako», adierazi zuen. Neska edo mutil, «nahi duten bezala janzteko, ibiltzeko eta egoteko libre» direla erran zuen Mitxelenak, «eta horrek ez du erran nahi, hurbiduz gero eta muxu edo besarkatzeko gogoa izan, eta neska edo mutil horrek baiezkoa eman behar dizunik». Holakoetan, «bortxan lortu nahi duenari ezetza» aitortzearen garrantziaz mintzatu zen, «lotsarik eta beldurrik gabe, nahi ez duela aitortzeko eskubidea duelako». Kasu horretan, «jazarleak alde egitea bertzerik ez duela ulertu behar du. Ez badugu nahi, ezetz erran behar dugu eta ezetza eman baldin badigu, ezetza onartu bertzerik ez dugu».

Horrez gain, «ehizagaiak ez garela eta ehiztariak ere ez» oroitarazi zuen Mitxelenak: «ezetza beti da ez. Ezetz erraten ikasi behar dugu bai etxean baita kanpoan ere. Ttikitatik ere eskubidea dugu muxua ukatzeko».

Bildutakoek taldeko argazkia ateraz borobildu zuten hitzordua.

Ortziralean filma

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, Te doy mis ojos filma ikusteko aukera izanen da ortzirale honetan, azaroak 29, 19:00etan Baskulan. Filmak bikotekidearen aldetik indarkeria jasan duen Pilarren istorioa kontatzen du. Bikotekidea utzi eta, semearekin batera, ahizparen etxean babesa bilatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun