Euskal Herriko launakako sokatira txapelketako lehen txapeldunak izan dira Beti Gazteko emakumeak eta gizasemeak

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 25a, 13:00

240 kiloko kategorian txapelketako tiraldi guztiak irabazi dituzte neskek eta 320 kiloko finalean bertze horrenbertze egin zuten mutilek

Euskal Herriko launakako sokatira txapelketako lehen txapelak banatu zituzten azaroaren 23an Ibarran (Gipuzkoa). Zehazki, gizonezkoen 320 kiloko finala eta eta emakumeen 240 kiloko hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatu zuten eta bietan Lesakako Beti Gazteko tiralariak nagusitu ziren.

Emakumezkoetan, Artziniegan eta Laukizen jokatutako jardunaldietan bezala, tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko laukoak. Emakumezkoetan, jardunaldi guztietako batura egiten denez, lesakarrek aski zuten bigarren egitearekin, baina tiraldi guztiak irabazita, jardunaldian 5 puntu eta denera 15 lortu zituen. Bigarren Ibarra izan da (12 puntu), hirugarren Antsoain (8 puntu) eta laugarren Bizindar (3 puntu).

Beti Gazteko laukotean, Aitziber Goienetxe, Udane Loidi, Udane Arbelaitz eta Ainhoa Ubiria aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Arritxu Muxika laguntzaile zutela.

Gizonezkoen artean, berriz, aitzineko bi jardunaldietan puntu gehien lortutako sei laukoteak aritu ziren Ibarrako finalean. Lehen bi jardunaldietan bigarren izana zen Beti Gazte, baina finalean tiraldi guztiak irabazi eta txapela lortu zuen, 6 punturekin. Bigarren Ibarra A izan zen (5 puntu), hirugarren Gaztedi (4 puntu), laugarren Ibarra B (3 puntu), bosgarren Ñapurrak (2 puntu) eta seigarren Txantrea (puntu 1).

Beti Gazteko laukotean Karmelo Mitxelena, Mikel Apeztegia, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Paskual Taberna erakusle eta Eneko Saldias laguntzaile zutela.

 

Orain, gizonezkoak pisu arinean eta emakumeak astunean

Euskal Herriko launakako lehen txapelak erabaki ondotik, azaroaren 30ean Ozaetan gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 260 kiloko txapelketan hasiko dira. Ondotiik, abenduaren 8an oraindik erabaki gabeko lekuan eta abenduaren 14an Berriozarren jokatuko dituzte bertze bi jardunaldiak. Gizonezkoetan bi multzotan banatuak ariko dira. A multzoan, Beti Gazterekin batera, Berriozar A, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea ariko dira eta B multzoan, Gaztedi, Berriozar B, Antsoain eta Bizindar.

Emakumezkoetan zortzi talde lehiatuko dira: Beti Gazte, Bizindar, Txantrea A eta B, Badaiotz A eta B, Gaztedi eta Ibarra.

Euskal Herriko txapelketa bukatzeko, abenduaren 21ean Artziniegan jokatuko dute txapelketa mistoa (280 kilo). Honetan, Beti Gazte, Bizindar A eta B, Ibarra A eta B, Txantrea, Antsoain, Gaztedi eta Berriozar lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun