Aspaldiko azienda kopuru handiena plazaratu zen 520 urte bete dituen Lesakako feria egun jendetsuan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 22a, 08:37

Lesakako Gillenbordako eta Berako Begibeltzenekobordakoak eskuratu dituzte sari nagusiak behi aziendetan, Igantziko Fernando Fagoaga zaltabereetan, Lesakako Marisol Otxoteko larre behorretan eta Berako Miguel Angel Etxegarairen artaldea izan da onena.

Seguruenik lehiaketan izandako aldaketengatik, aspaldiko kopururik handiena, 250 azienda baino gehiago aurkeztu ziren ortzegun goizean Lesakako Plaza Zaharra ingurura, Bortzirietako feria egunean parte hartzera. Horietatik 146 zaltabereak ziren, 60 behi, batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat eta, aurtengo berrikuntza nagusia, bederatzi artalde, batzuk bildots eta guzti. Eguraldi polita izan zen ortzegun goizean, eta jendetza bildu Lesakako karriketan.

Behi aziendak

Suitzako arrazako behien kategorian lehen eta bigarren sariak, 190 eta 160 eurokoak, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairentzat izan ziren eta hirugarrena, 100 eurokoa, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat. Haragitako behien kategorian,  190 euroko lehen saria Begibeltzenekobordakoak eskuratu zuen, 160 euroko bigarren saria Berako Unai Mendiberrik eta hirugarrena, Lesakako Jon Muñoak.

146 zaldi azienda

Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria Igantziko Fernando Fagoagarentzat izan zen; 95 euroko bigarren saria Lesakako Maria Jesus Maiarentzat eta hirugarren saria (50 euro), Arantzako Aitor Arozenarentzat. Aurten, lehen aldiz larre behorrak ere saritu dituzte. Lehen eta hirugarren saria (100 eta 30 euro) Mari Sol Otxotekok eskuratu zituen eta bigarrena, 50 euro, Berako Patxi Baldak.

Pottoka onenaren saria Jose Luis Oronozek eskuratu zuen eta bigarrena eta hirugarrena, Miguel Angel Etxeparek.

Monturako zaldi onenaren saria Jon Iturbidek eskuratu zuen, bigarren saria Jose Angek Zubiriak eta hirugarrena Joseba Irigoienek.

Ponnyen artean, lehen saria Berako Jaime Etxegaraik eskuratu zuen, bigarrena Lesakako Jose Luis Oronozek eta hirugarrena Berako Sabino Kortak.  Hiru modalitate hauetan 100, 50 eta 30 euroko sariak izan zituzten.

 

Bederatzi artalde

Azienda lehiaketan, aurtengo berrikuntza nagusi artaldeena izan. Bederatzi artalde plazaratu zituzte, gehienez 5 ardi eta ahari batekoak. Batzuk bildots eta guzti. Zortzi latxa arrazakoak ziren, baina izan zen merino arrazako artaldea plazaratu zuena ere. Horien artean, lehen saria (100 euro) Berako Miguel Angel Etxegaraik eskuratu zuen; bigarrena (95 euro), Zulangorroko Marcos Etxabidek eta hirugarrena (50 euro) Gillenbordako Francisco Javier Alzugaraik.

Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan eta Beheko Plazan bildu ziren. Baztango gaiteroak ere karrikaz karrika ibili ziren giroa jartzen.

Elikadura postuak ere jarri ziren plazako aparkaleku inguruan eta bertze hamarka salerosketa postu ere jarri zituzten.

 

Herri kirol saio ikusgarria

Azienda lehiaketako sariak banatu baino lehen, herri kirol saio mistoa eskaini zuten, emakume eta gizasemeak aizkoran, arpanan, harrijasotzen… aritu baitziren. Aipatzekoa, aizkoran, Berako Oier Larretxea eta Endika Goiaren debuta. Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.arekin bikotea eginez aritu ziren. Beraiekin batera, Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo ere aritu ziren aizkoran, eta arpanan Xabier Ariztegi Santxin eta Patxi Larretxearen kontra. Azken bi hauek, altueran aizkoran ere erakustaldi polita eskaini zuten. Harri jasotzen, azken bi urteetan harri ttikietan Euskal Herriko txapeldun izan den Mikel Lopetegi Urra aritu zen. Sebastian Lizaso eta Julio Soto bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.

Arratsaldean, bazkalondoan, pilota partidak eta muxikoak izan ziren plazan Jeiki Hadi taldearekin. Aulki-gurpildunean palaz jokatutako partidan, Joseba Lasa herritarrak eta Beñat Lizasok, irabazi egin zieten Navaridas eta Matarranzi. Esku pilotan, Ugaitz Elizalde iturendarrak eta Iñigo Martinez beratarrak 22-17 irabazi zieten Jon Olaizoa III.a lesakarrari eta Mikel Beroizi.

 

Ajoarriero lehiaketa

Feria bezperan, asteazkenean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa egin zen. Hamabi bikote aurkeztu ziren. Horien artean, Argiñe Ordoki eta Paula Garcia nagusitu ziren. Bigarren saria Aitziber Maia eta Jaione Telletxearentzat izan zen eta hirugarrena, Boro Legasa eta Imanol Lopezentzat. Epaimahaia, Maria Jesus Errazkin, Felisa Taberna, Pepita Zubillaga eta Agustin Arriolak osatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun