Giro ederrean joan da Nafarroako bertso munduko emakumeen lehen topaketa Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 18a, 17:00
Topaketan parte hartu zuten emakumeetako batzuk, igandean Lesakako Arrano elkartean.

Adin eta herri ezberdinetako hogei emakume inguru bildu ziren azaroaren 17an Arrano elkartean

Nafarroako Bertsozale Elkarteko Feminismo Batzordeak bultzatuta, herrialdeko bertso munduko emakumeen lehenengo topaketa ospatu zen azaroaren 17an Lesakako Arrano Elkartean. Bertan izan ziren Nafarroa osoko hogei bat emakume, betsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta Bertso Eskoletako ikasleak, besteak beste. Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema osatzen duten emakumeak elkartu eta sentsazio eta esperientziak partekatzea zen topaketaren asmoa, berdintasunaren alorrean aurrerantzean hartu beharreko neurriak zehazteko diagnostiko gisara.

Harrera eta aurkezpenak behin eginda, Gure genealogiak: Nafarroako bertsolaritzako emakumeen* mapa osa dezagun! dinamikari ekin zioten parte hartzaileek, denen artean osatuz, modu grafikoan, Nafarroako bertsolaritzaren bilakaera, emakumeen presentzia eta ekarpena oinarri hartuta.

Horren ondotik, Kontrako eztarritik liburuan jasotako testigantzak eta gogoetak azaldu zituen Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak. Oinarri hori baliatu zuten parte hartzaileek gaia Nafarroara ekarri, eta herrialdeko egoera propioa aztertu eta iritziak partekatzeko. 

Bazkari eder batekin eman zioten bukaera gogoeta egunari, eta kanturako ere baliatu zuten bazkalondoa. Lehen topaketa honen giro ederra nabarmendu zuten parte hartzaileek, bai eta hizketa gaiaren mamia ere. Gainera, berriro biltzeko asmoa agertu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun