Beheko Larraine taldeak Manifestu bat antzezlana eskainiko du, Miren Tirapu aktorearen eskutik. “Mila esker nire hiletarako gonbidapena onartzeagatik. Festa eder bat prestatu nahi nuen nire azkenerako, baina azkenean...” dio protagonistak. Azkenerako eta azkenean. Beti bazterreko pertsonaia bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du antzezlan honetan. Bere barne-ahotsek, behingoagatik, begirada guzien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea. Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz.