Nafarroako txapeldun suertatu da Beti Gazteko sokatira talde mistoa

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 11a, 12:00

Pisu arineko emakumeak bigarren izan ziren, Txantrearen gibeletik

Nafarroako zortzinakako sokatira txapelketako azken jardunaldia jokatu zen azaroaren 9an Lesakako udal pilotalekuan. Emakumeen 480 kiloz beheitiko eta txapelketa mistoaren (550 kiloz beheiti) bigarren eta hondarreko jardunaldia jokatu zen. Mistoan Lesakako taldea suertatu zen txapeldun, baina emakumezkoetan bigarren izan ziren.

Lehen tiraldiak emakumeek egin zituzten. Leitzan jokatutako lehen jardunaldian bezala, Antsoainen kontrako tiraldiak erraz irabazi zituzten Beti Gaztek nahiz Txantreak eta bien arteko tiraldietan erabaki zen txapela. Leitzan berdindu egin zuten bi taldeek eta Lesakan ere bertze horrenbertze gertatu zen. Dena den, polemika izan zen Beti Gazte eta Txantrearen arteko lehen tiraldian. Lesakarrek soka bereganatu zuten garbi, baina epaileak ez zuen tiraldi amaierarik adierazi eta lesakarrak lurrean zirela, txantrearrek tiran segitu eta beraiei eman zieten irabazitzat lehen tiraldia. Bigarren tiraldia Beti Gaztek irabazi zuen eta hortaz, txapela erabakitzeko kitarakoa jokatu behar izan zuten eta hemen bi tiraldiak irabazi zituen Txantreak, txapela lortuz. Epaileak, gerora onartu zuen bere akatsa, baina ordurako txapelak bazuen jabea.

Txapelketa mistoan ez zen eztabaidarik ezta zalantzarik izan. Leitzan bezala, Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen eta txapela jantzi zuen. Zortzikote irabazlean Joxe Angel Mitxelena, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Unai Gurrutxaga, Kristine Txoperena, Iñigo Altzugarai, Maialen Lopez (Udane Loidi oiartzuarrak egin zituen azken tiraldiak bere ordez) eta Gerardo Telletxeak osatu zuten, Paxkual Taberna erakusle zutela. Txantrea izan zen bigarren, Berriozar hirugarren eta Antsoain laugarren. Aipatzekoa da Antsoaingo taldean eskualdeko bertze tiralari bat aritu zela lanean, Luzia Etxeberria goizuetarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun