Gizonezkoen kategorian, Lesakako taldearekin batera, Bizindar, Txantrea A eta B, Badaiotz A eta B, Gaztedi eta Ibarra lehiatuko dira. Emakumezkoen kategorian, berriz, Beti Gazterekin batera, Bizindar, Antsoain, Gaztedi eta Ibarra ariko dira.
Igandean Artziniega hasi eta abenduaren 21ean herri berean bukatuko da Euskal Herriko launakako txapelketa. Gizonezkoak, 320 kilokoan ez ezik 300 kilokoan ere lehiatuko dira. Emakumezkoak, 240 kilokoan eta 260 kilokoan. Gainera, txapelketa mistoa ere jokatuko dute, 280 kiloko kategorian.
Egutegia
Artziniegako jardunaldiaren ondotik, azaroaren 16an Laukizen (Bizkaia) eta azaroaren23an Ibarran (Gipuzkoa) jokatuko dituzte gizonezkoen 320 eta emakumezkoen 240 kiloko jardunaldiak. Segidan, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 260 kiloko txapelketa jokatuko dute azaroaren 30ean Araban (zehazteko), abenduaren 8an (zehazteko) eta abenduaren 14an Berriozarren (Nafarroa). Azkenik, abenduaren 21ean, txapelketa mistoa jokatuko dute jardunaldi bakarrean Artziniegan (Araba)
Larunbatetako jardunaldiak 17:00etan hasiko dira eta igandetakoak 11:30ean.