Berako Udalak 3,43 milioi euroko aurrekontua onartu du ahobatez

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 8a, 14:00
Auzoz auzo egiten ari diren bileren garrantzia azpimarratu nahi izan dute udaletik.

76.000 euroko mailegua hartu beharko du, baina udalaren zorra gero eta ttikiagoa da

2020 urterako aurrekontuak behin behinekoz onartu ditu ahobatez Berako Udalak. Guztira 3.436.586 eurokoa izanen da. Aurtengoan ezin izan dituzte kontuak berdindu mailegurik aurreikusi gabe. Kontuan izan behar da aitzineko bi urteetan azpiegitura planeko dirulaguntzak izan dituela Berako Udalak eta horiei esker 4 milioitik gorako aurrekontuak izan dituela.

«Gorabehera hauek Nafarroako Gobernuak udalak finantzatzeko duen moduagatik izaten ditugu, behin eta berriz eskatu bada ere finantziazio sistema aldatzea eta modu egonkorrago bat izatea udalak autonomoagoak izateko orain arte ez da aldaketa handirik izan. Tokiko maparen legearen garapenarekin agian zentzu honetan ere hobetuko dugu», diote Udaletik. Gauzak honela, 76.000 euroko mailegu bat hartzea aurreikusi dute 2020ko aurrekontuak borobiltzeko. Nolanahi ere, udalaren zorra jausten segituko da, maileguen amortizaziorako 93.000 euro jarri direlako.

 

Langileen ordainsarien eta osagarrien eguneratzea

2020ko aurrekontuen exekuzioa 2019. urtean kontuak nola ixten diren, honek baldintzatuko du nolabait. Martxo aldera jakinen dute zenbateko soberakina duten inbertsioetan gastatzeko. 2019an azpiegitura planeko inbertsio garrantzitsuak eramaten ari dira aitzinera. Azaroaren hondarrerako bukatuak egonen dira gehienak. Momentuz inbertsio hauen diru kontuak aurreikusi ziren bezala gauzatzen ari dira.

Bertze gauza aipagarri bat, 2018an Talentixek egin zuen langileen balorazioa da. Aurrekontu hauek txosten horretan azaltzen diren ordainsari eta osagarrien eguneratzea jasotzen dute. Txostenak proposatzen duena %100ean aplikatuko da, ñabardura batzuk gora behera

 

Tasak KPIren arabera igoko dira

Sarreren atalean, tasak KPIa igoko dira orokorrean. Udalaren gastuak ere neurri horretan igotzen direnez, beharrezkoa ikusi da hala egitea.

Nafarroako Gobernuko Toki-Ogasun Funtsa, hau da udalei banatzen zaien fondoa diru sarrera garrantzitsua da, baina oraingoz ez dute ziurtasunik sarrera hau zerbait igoko den. Udal finantziazioa hobetuko luke honek noski. Aurten 846.000 euro espero dituzte.

Inbertsioei aurre egiteko nahiaezkoak dituzte dirulaguntzak. «IDAEkoa baliatuz efizientzia energetikoan hibekuntzak egiten segi nahi dugu. Cedernak kudeatzen dituen Europako dirulaguntzetatik 50.000 euro eskuratu nahiko genituzke Matzadako espazioa “Parke Bio-osasungarri’ bihurtzeko. Baserrietako pistak moldatzeko dirulaguntzak ere eskatu dira Nafarroako Gobernuan. 60.000 euroko diru sarrera espero dugu».

 

Musika eskolaren finantziazio eskasa Nafarroako Gobernuaren aldetik

Musika eskolaren kasua, Nafarroako Gobernuaren aldetik finantziazioa hagitz eskasa da, azken urtean igoera txiki bat izan duen arren. Hasiera batean %33ko diru-laguntza aurreikusten zen baina gaur egun %17 ingurukoa da bakarrik.

Berako Udalak urtero bezala ahalegin handia egiten du dirulaguntza eskaerak prestatu eta jasotzeko eta horri esker inbertsio mailari eutsi diezaioke, banketxeei mailegurik eskatu gabe eta herritarrak sobera estutu gabe. Honek administrazio lan handia eskatzen du baina bertze finantziazio sistemarik ez dagoen bitartean horrela ari behar.

Irteeren atalean gastu arruntak berdintsu mantentzen dira, langileen osagarrien eguneratzeak igoera txiki bat suposatu badu ere.

Inbertsioen aldetik berriz erran, 2019 urtean azpiegitura planaren exekuzioaren ondotik ia milioi erdi euro dituela inbertsioekin jarraitzeko.

Baserrietako pistak moldatzen jarraitzeko 120.000euro bideratuko dira. Udal eraikinetan mantentze lanak egin, mugikortasunaren aldeko planak aurrera eraman eta ur-sareetan hobekuntzak egiten jarraitzeko 80.000 euro bideratuko dira.  Kultura atalak ere igoera bat izan du bere aurrekontuan. Orain bi urtetako zenbakietara bueltatu da berriro, hau da, 50.000 euro.

2020ko neguan ez du landaketarik eginen Berako Udalak, bota beharreko pinudiak oraindik ateri gabeak daudelako, hala ere aitzineko urteetan egindakoak garbitu, bakandu, kimatu, larreak garbitu eta hainbat lanetarako 60.000 euro inguru aurreikusi dira.

 

Babes ofizialeko zortzi etxebizitza Kaxernagainan

Etxebizitzari dagokionez, proiektu garrantzitsu bat du martxan Nasuvinsarekin elkarlanean, Kaxernagaineko babes ofizialeko zortzi etxebizitzen eraikuntza. Laster batean proiektuaren tramitazioa martxan jarriko da Udalean. 2020ko amaiera aldera etxebizitzak prest egon daitezke.

Asmo hauek aitzinera eramaten saiatuko dira zentzuzko kudeaketa ekonomiko bat garatuz. Udalaren zorra jaisten segiko dugu, baina diru-sarrerei muzin egin gabe.

Mugikortasunaren aldeko apustua egin nahi du Udalak, eta herria bere osotasunean hartuko duen plan integral bat prestatzen ari da, beti oinezkoei, ezinduei eta txirrindulariei lehentasuna emanez. Ordenantza berriak prestatzen ari dira.

 

Auzo batzarren garrantzia

Udazken honetan egiten ari diren auzo batzarren garrantzia ere azpimarratu dute Herriko Etxetik, «udalbatzaren politikak nora zuzendu behar ditugun erakutsiko digute, 2020an bete beharko dira eskaera horietatik anitz eta Udala eta herritarren komunikazioa hobetzeko app-a ere proiektu honen barnean kokatzen dugu».

Azkenik, aurrekontu proiektu hau proposamen bat bertzerik ez dela azpimarratu nahi dute: «Urtea nola joaki den, aldaketak izan daitezke diru kontuen antolakuntzan. Aldaketa eta ezusteko hauek udalbatza osatzen dugun guztien artean adostasunetara iritsiz burutu nahiko genituzke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun