Mikel Martinez aktorearen eskutik, taberna baterako bakarrizketa da. Tabernariak bere ohiko bezeroak konbokatu ditu, kaña bat ongi botatzen erakusketako. Aitzakia bat da bere kezkak, arrangurak, ilusioak eta desio frustratuak azalarazteko. Formari dagokionez, egitura berezia proposatzen du, istorioa atzetik aurrera kontatzen delako. Hau ez da kapritxo estetiko bat, narrazioaren muinarekin lotuta baitago: denbora eta ekonomia eredu berrien gatazka.
Azaroaren 17an, igandean 18:00etan Bidaxka ostatuan, Beheko Larraine taldeak Manifestu bat eskainiko du, Miren Tirapu aktorearekin.
“Mila esker nire hiletarako gonbidapena onartzeagatik. Festa eder bat prestatu nahi nuen nire azkenerako, baina azkenean…”. Azkenerako eta azkenean. Beti bazterreko pertsonaia bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du antzezlan honetan. Bere barne-ahotsek behingoagatik, begirada guztien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea. Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz. Zerbait erakutsiko digu azkenerako?
Bukatzeko, azaroaren 24an, igandean 18:00etan Goxune kafetegian, Lankuren eskutik, Bakean dagoenari bakean utzi! eskainiko dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak.
Euskara eta generoa binomioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. “Euskalduntze” kontzeptua protagonismo horren adierazle garbia da. Erlazio horren garrantziaz jabetuta daude gure bi protagonistak eta bikote horri hirugarren erpin bat gehitu nahi izan diote: umorea. “Bakean dagoenari bakean utzi” ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketak osatzen dute. Bertan, euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dituztelarik, betaurreko umoreak jantzita: euskalkiak, amatasuna, onomatopeiak, gorpuzkerak, euskarakadak… Bakean dagoenari bakean uzteko ez daude prest!
Kafe antzerki ziklo honek euskarazko antzerkia ostatuetara eta, oro har, jendea biltzen den tokietara eramatea du helburu.