Baserritarren Eguneko merkatua ikusgarria eta jendetsua izan dute Arantzan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 4a, 08:34

Serorenbordako gazta eta Oskozeneko ahariak lehenbiziko sariak eraman dituzte gazta eta ahari lehiaketetan.

 

Udazkeneko kulturaldiari azaroaren hasieran akabaila eman diote aurten ere Arantzan.

 

Ekaitza Elkarteak antolaturiko baserritarren egunak, urtero bezala harrera ezin hobea izan zuen azaroaren 1ean. Bertako barazki, lore, fruitu, zerriki, gozoki, talo, ezti, oilasko, eskulan, oroigarri, tresna, azienda… iaz baino postu gehiago ikusi ahal izan zituzten hurbildutako dozenaka lagunek. Herriko trikitalari eta panderojole taldeak girotu zuen goizeko lehenbiziko tartea, bestagunera jendea gonbidatuz. 

Frontoira sartzeko bidean, aziendak ikus zitezkeen: ponia, zaldikumea, behorra, untxiak, usoak, oilaskoak, artaldea, ahariak… Merkatu bilakaturiko frontoian berriz, erakusketa zatiaren postu erreldoa koloretsu zegoen, etxe eta baserrietako barazki eta fruitu ederrekin. Emakumearen Memoriaren Baratzeko fruitu, lore eta sendabelarrak erakusgai zeuden postu batean. 

Bertzetik, eskulan eta nekazaritza tresnen mahaietan ere aukera zabala zegoen. 

Salmenta postuetan ere, etxeko edo baserriko produktuekin hainbat postu, Bertaratu zenak beti bertan egindako  zerbait eramaten du etxerako. Aurten gainera, baita Arantzako eztia ere. Taloen xokotik ere usain goxoa;  institutuko eta eskolako DBHko ikasleak materiala, edota gaztain erreak saltzen; guraso elkarteak urteroko egutegia eskaini zuen; eta eskulanen postuetan, osagarri eta hornigarri koloretsuak eskuragai. 

Ostatuan, eskolako guraso eta irakasleak lanean, tragoxka eta pintxo beroak eskaintzen. 

Gazta eta ahari lehiaketak izan ziren. Bortz gazta aurkeztu ziren eta epaile lanetan, Andoni Zulaika, Gabi Goia, Leire Mitxelena, Maria De Rueda eta Iñigo Etxeberria aritu ziren. Serorenborda izan zen irabazle, eta bigarren eta hirugarren postuetan Larauburukoborda eta Martinekobordako gaztak gelditu ziren. Gelditu ziren gaztak ere saldu ziren. 

Ahari lehiaketan, Oskozeneko aziendek irabazi zituzten bi sariak. 

Bertako produktuez osaturiko zarea ere zozketatu zen eta Pueskineako Rakel Arozenari tokatu zitzaion.

Goiz polita izan zen, merkatuarekin gozatzeaz gain, familiko, lagun eta ezagunekin elkartu eta solaserako ere tarteak izan zirelako. Ekaitza Elkartearen eta herritarren parte-hartzearen elkarlanaren fruitua sumatu zen aurtengo edizioan ere. Prestatutakoa ikustera eta dastatzera hurbildu zirenek borobildu zuten goiza. 


Larunbat arratsalde osotua

Azaroaren 2an, larunbatean, duela hiru urte bezala, Niala magoak aho zabalik utzi zituen bertaratutakoak bere trukoekin.

Ondotik Partxis txapelketan hamabi bikotek parte hartu zuten. Honakoak saridunak:

  1. Saria: 25 euroko bonoa Xagu liburu-dendan, Xuban Taberna-Enaut Sanjuanentzat.
  2. Saria: 15 euroko bonoa Xagun, Kattin Madariaga- Ainhize Sanjuanentzat.

Mus txapelketan hamaika bikote elkartu ziren.

  1. Saria, zerri kuttin bana eta ardoa Gaizka Almandozek eta Dabit Iturriak eraman zuten.
  2. Saria, oilaskoa eta sagardoa, Ander Almandoz eta Xabier Gamonentzat izan zen. 

Urriaroko kultur ekitaldiak  

Urriaren azkeneko asteburutik, ekltaldiak izan dira herritar guztien gozamenerako: 

Bortziriak Solasean liburu eta DVD-ren aurkezpena, Bidaziren solasaldia, Ixabel ipuin kontalaria eta Bankako Menditarren kantaldia. Guztietan ere gustora egon dira herritarrak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun