Giltzarri abesbatza haurrentzako topaketa prestatzen ari da

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 1a, 11:00
6 eta 12 urte bitarteko bortziritar haurrentzat da topaketa.

Giltzarri Abesbatzak Haur Kantarien IV. Topaketa antolatu du heldu den urteko hasierarako. Urtero antolatzen dituen ekitaldi guzien artean garrantzi berezikoa da abesbatzarentzat, musika oinarri-oinarritik sustatzeko duen balioarengatik. Imanol Elizasu izanen da oraingoan ere kurtso guziaren gidari. Ospe handiko musikaria da Elizasu: zuzendari, piano jole eta abeslari bikaina. Ahots lanketan zortzi urtez izan da Baionako Kontserbatorioko irakasle, eta zuzendari bezala musika jaialdi eta lehiaketa anitzetan aritua da abesbatza ezberdinak zuzentzen, Euskal Herrian eta atzerrian, zenbait sari garrantzitsu lortu dituelarik.

Topaketa 6tik 12 urte bitarteko bortziritar haurrentzat da, hau da, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik hasi eta 6.a bitarteko ikasketetan ari direnentzat. Lesakako Harriondoan izanen dira topaketaren ekitaldi guziak: Otsailaren 15ean eta matxoaren 28an izanen dira entsaioak, goizeko 10:00etatik 13:00etara, eta apirilaren 4an izanen da kontzertua, oraindik zehaztu gabe dagoen tenorean.

Hauexek dira landuko dituzten kantuaren atalak: Ahots lanketa, estilo ezberdinetako lanen interpetrazioa, entsaio dinamika eta eszenatokiko lana. Musikaz gozatzeko aproposak eta, zeinek daki, inguruko abesbatzak etorkizunean kantariz elikatzeko baliagarriak izaten ahal direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun