Parranda giroko aukerak eta arriskuak aztergai paratuko ditu Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 3a, 11:00
Lesakako feriak aitzakia hartuta, nerabeentzako saioa prestatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak.

Azaroaren 14an eginen dute saioa Lesakan, feriak aitzakia hartuta


Azaroaren 21ean ospatuko dira Lesakako feriak eta data hau aitzakia hartuta, 13 eta 16 urte bitarteko nerabe bortziritarrekin parrandaz eta parranda giroak eskaintzen dituen aukera eta arriskuez aritzeko elkargunea eskainiko du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, feriak ospakizun eder bat izan daitezen, eta ez buruko min edo gatazken iturburu. Eskaintza hau, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak sustantzien kontsumo prebentzioan egiten duen bertze proposamenen osagarri izanen da. Azaroaren 14an eginen dute saioa Lesakan, 17:00etan hasita Lesakako Udalaren erabilera anitzeko aretoan (Koskontako Bidea, 7-2). Izen-ematea whatsapp bidez egin daiteke, 634 22 36 59 zenbakian.

Adinaren jakinminak, heldu sentitu nahiak, norbere beldur eta ziurtasun faltak, esperientzia berriak bizitzeko gogoak… parranda giroaren zenbait aukera eta arriskuen inguruko kezka eta zalantzak eragiten ahal dizkie nerabeei: mugikorrek parrandan duten presentzia, lagun arteko haserrealdiak, bertzeen edo norberaren kontsumo erabakia, ligatzea, persona berriak ezagutzea… Gai hauek edo bertzela proposatzen dituztenetaz aritzeko espazioa eskainiko da azaroaren 14ko saioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun