Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapelak Beti Gazteko neskek eta mutilek jantzi dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 28a, 13:00
Beti Gazteko gizonezkoak eta emakumezkoak, kontent txapelekin Elizondon.

Elizondon jokatu zen gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 520 kiloko bigarren jardunaldia

Nafarroako zortzinakako sokatira txapelketako lehen txapelak banatu zituzten larunbatean Elizondon Gizonezkoek 600 kiloko kategorian eta emakumeek 520 kiloko kategorian Beti Gazteko tiralariak suertatu ziren txapeldun.

Gizasemeen artean, Arbizuko lehen jardunakdian bezala, tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek. Bigarren posturako, ordea, Elizondon Berriozar nagusitu zitzaion Txantreari (Arbizun alderantziz izan zen). Hortaz, bosna punturekin berdinduta gelditu ziren bigarren postuan eta berdinketa hausteko tiraldian, Berriozar nagusitu zen.  Antsoainek ez zuen tiraldirik irabazi.

Beti Gazte talde txapelduneko zortzikotean Jose Angel Mitxelena, Ander Mitxelena, Mikel Apeztegia, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga, Iñigo Alzugarai, Eneko Saldias eta Paskual Tabernak tiratu zuten, Beñat Ordoki erakusle zutela. Aipatzekoa da Ander Mitxelenaren debuta, 15 urterekin bere lehen txapela jantzi baitu. Nolako zura, halako ezpala erran daiteke kasu honetan, nolabait, Karmelo Mitxelena aitaren ordezko aritu zela erran baitaiteke eta Carmelo aitatxik ere tiratu baitzuen bere garaian. Sokak ez du etenik!

Emakumezkoetan, Elizondon berdindu egin zuten Txantreak eta Beti Gaztek. Antsoainen kontrako tiraldiak irabazi zituzten eta elkarren arteko bana irabazi zuten. Baina Arbizun lesakarrek tiraldi guztiak irabazi zituztela kontuan hartuz, Beti Gaztek jantzi zuen txapela (5,5 pntu), Txantrea (4,5 puntu) eta Antsoainen (2 puntu) aitzinetik.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean, Amaia Leiza, Aitziber Goienetxe, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Karmele Pikabea, Oihana Mindegia, Arritxu Muxika eta Maria Iantzi aritu ziren, Jose Angel Mitxelena erakusle zutela.

 

Txapelketa mistoa eta emakumeen 480 kilokoa Leitzan eta Lesakan

Nafarroako sokatira txapelketak segida izanen du datozen bi asteburuetan. Azaroaren 2an, larunbatean Leitzan, txapelketa mistoko eta emakumeen 480 kiloko lehen jardunaldiak jokatuko dituzte eta azaroaren 9an Lesakan, bi kategoria hauetako bigarren jardunaldiak jokatu eta txapelak banatuko dituzte. Bi kategoria hauetan ere taldea aterako du Beti Gaztek.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun