Giltzarri Abesbatzak haur kantarientzako topaketa antolatu du

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 26a, 10:00

Imanol Elizasu musika zuzendari, pianista eta abeslariarekin heldu den urte hasieran eginen dute topaketa. Giltzarri Abesbatzatik adierazi dutenez, urtero antolatzen dituen ekitaldi guztien artean garrantzi berezikoa da topaketa, «musika oinarri-oinarritik sustatzeko duen balioagatik». Topaketan 6 eta 12 urte arteko Bortzirietako haurrek parte hartzen ahalko dute.

Ahotsa, hainbat estilotako lanen interpretazioa, entsaio dinamika eta eszenatokiko lana landuko dituzte heldu den otsailetik apirilera eginen duten topaketan. Giltzarri Abesbatzak laugarren aldiz antolatu du haur kantarien topaketa, eta aldi honetan,  Imanol Elizasu izanen da gidari. Ospe handiko musikaria da Elizasu: zuzendaria, piano-jotzailea eta abeslari bikaina. Ahots lanketan zortzi urtez izan da Baionako Kontserbatorioko irakasle, eta zuzendari bezala musika jaialdi eta lehiaketa anitzetan aritua da hainbat abesbatza zuzentzen. Ez hori bakarrik, Euskal Herrian eta atzerrian, zenbait sari garrantzitsu lortu izan ditu.

Topaketa 6 eta 12 urte bitarteko Bortzirietako haurrei dago irekia, hau da, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik hasi eta 6. maila bitarteko ikasketetan ari direnentzat. Lesakako Harriondoan izanen dira topaketako saio guziak: otsailaren 15ean eta matxoaren 28an entsaioak, 10:00etatik 13:00etara, eta apirilaren 4an kontzertua, oraindik zehaztu gabe dagoen tenorean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun