Euskaraz ongi ez dakiten gurasoentzat solasaldia izanen dute Lesakan urriaren 29an

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 25a, 06:30
Paula Kasaresek eskainiko du solasaldia.

Paula Kasaresek eskainiko du asteartean 17:00etan Koskonta Bideko udal-aretoan eta haurtzaindegia ere izanen da

Euskaraz ez dakiten edo ongi moldatzen ez diren gurasoentzako No sabemos (bien) euskera, ¿Cómo les ayudaremos? hitzaldia izanen da urriaren 29an, asteartean 17:00etan, Koskonta Bideko udal-aretoan, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta. Hitzaldia gaztelaniaz izanen da eta haurtzaindegi zerbitzua izanen da.

Hitzaldiaren helburua da etxean euskara irakasteko aukerarik ez duten gurasoei haien seme-alabak elebidun bilakatzen laguntzea. Hau da, hizkuntza bera ezin diete irakatsi, baina bai hizkuntzaz jabetzeko beharrezkoa diren motibazioa, erabilera eta ezagutza bermatu eta ziurtatu. Hori guraso guztien esku dago, euskaraz jakin ala ez.

Hizlaria Paula Kasares Corrales izanen da. Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta hain zuzen ere bere tesi doktorala euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gainean egin zuen. Geroztik, gai horren beraren inguruan Euskaldun hazi Nafarroan liburua argitaratu zuen (Euskaltzaindia, 2014). Azken urteotan gisa honetako hitzaldi ugari eskaini dizkie gurasoei Euskal Herriko hainbat herritan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun