Itzea, Matzada eta Illekuetako auzotarrekin bilduko da Berako Udala ortzegun honetan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 11:00

Herritarren parte-hartzea bultzatu eta auzotarren beharrak zein diren zuzenean jakiteko, irail hondarraz geroztik auzoz auzo batzarrak egiten ari da Berako Udala. Bilkurak azken agintaldian auzoan egindako lanak eta egin ez zirenei buruz solas aprobetxatzen dute eta aldi berean, Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa erraztu nahi dute. Joan den astean, bertzeak bertze, Altzate karrikakoekin bildu ziren.

Irailean Garaitarreta eta Dornakun hasi zuten udal ordezkariek auzoetako batzarren ibilbidea. Urrian sartuta, Zalaingo bizilagunekin, Eltzaurdiakoekin, Berako plaza eta plaza zaharrekoekin, Legia eta Iturlandetakoekin egin dituzte bilkurak. Joan den astean, Eztegara, Kanttonberri, Altzate eta Uraldekoekin bildu ziren eta ortzegun honetan, urriak 24, Itzea, Illekueta eta Matzadako auzotarrekin bilduko dira. Itzeako atarian 18:30ean egin dute hitzordua, Illekuetan Konpaneko zubian 19:15ean eta Matzadakoekin futbol-zelaiko aldageletan 20:00etan.

Ondoko asteetan gehiago

Heldu den ortzegunean, urriak 31, Bidasoa, Foru Plaza eta Iparkarrika eta Legarbidekoekin bilduko dira Berako udal ordezkariak. Lehenbizikoekin Xubi-Xabalen bilduko dira, 18:30ean; Foru plaza eta Iparkarrikakoekin Ansonean 19:15ean eta Legarbidekoekin plazan 20:00etan.

Azaroaren 7an Suspela eta Suspel Ttikikoen txanda izanen da. Lehenbizikoen kasuan, Garatxekobordan geldituko dira, 18:30ean, eta bigarrenekin ur deposituan, 19:30ean. Azaroaren 14an Bortziriak auzoan (18:30ean), Ibaialde auzoan (19:15ean) eta Agerran (20:00etan zelai gorrian) eginak dituzte hitzorduak eta azaroaren 21ean Zian (18:30ean Anguleroan) eta Kaulen (19:30ean Maritxenean).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun